Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Mehatxu militarrekin eta bermerik gabe hasi ditu Errusiak Ukrainako lurralde okupatuak atxikitzeko galdeketak
Nazioarteak ohartarazi du ez duela aintzatetsiko erreferenduma, eta Ukrainako agintariek salatu dute errusiar soldaduak mehatxuen bitartez ari direla boto ematera behartzen.
EITB MEDIA
Errusiak hasiera eman die Ukrainan okupatutako lurraldeak bereganatzeko helburuz deitutako legez kanpoko erreferendumei.
Nazioarteak ez ditu aintzatetsi galdeketak, eta horiek inolako berme demokratikorik gabe egiten ari dira: gerraren erdian abiatu dituzte, eta agintari errusiazaleak eta soldadu errusiarrak etxez etxe joaten ari dira, hautestontziak eta armak eskuetan, botoak jasotzeko.
Horren ildotik, ukrainar agintariek salatu dute soldadu errusiarrek herritarrei mehatxu egin dietela, "zuzen" bozkatu dezaten.
Melitopol hiriko alkateak, Ivan Fedorov-ek, azaldu du "hauteskunde batzordeetako" kideak metrailetak eskuan joaten ari direla etxez etxe, Errusiaren alde bozkatzera derrigortzeko.
Bere aldetik Lugansk eskualdeko gobernadoreak, Serhiy Haidaik, esan du Mosku egiten ari dena "sasi-erreferenduma" dela, eta "soldaduek behatuta" ematen ari direla botoa.
Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramailearen arabera, Ukrainako lurralde okupatuek "azkar" egingo dute bat Errusiarekin erreferendumen ostean. Gainera, "beste errusiar lurraldeak" bezala babestuko dituztela ohartarazi du.
Galdeketak Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian deitu dituzte.
Bozketa 8:00etan hasi da, eta 16:00ak arte luzatuko da. Hori bera gertatuko da hurrengo egunetan irailaren 27ra arte, egun horretan bukatuko baita prozesua.
Ukraina eta nazioarteko komunitatea, bozketaren aurka
Kievek defendatu du lurralde okupatuetan ez dagoela "erreferendum izeneko legezko ekintzarik", eta gaineratu du gerrarako soldaduak biltzeko "propaganda ikuskizun" bat besterik ez dagoela.
Ukrainako Parlamentuak asteazkenean onartu zuen Errusiari atxikitzeko erreferenduma onartezintzat jotzea, eskualde horietako hainbateko agintariek proposatuta.
NATOk, bere aldetik, berretsi du ez duela bozketen emaitza onartuko, "zilegitasunik ez dutelako" eta "Nazio Batuen Gutuna hausten dutelako". Aliantzak dei egin die "estatu guztiei" Errusiaren "lurralde konkistarako" saiakera horiek errefusatzeko, eta azpimarratu du Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak "Ukraina" direla.
"Mobilizazio militar partziala"
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako gerraren aldeko mobilizazio militar partziala iragarri zuen asteazken honetan nazioari egindako hitzaldi batean. "Ahal dugun guztia egingo dugu erreferendumak egiteko eta herritarrek beren borondatea adierazteko segurtasun baldintzak bermatzeko", adierazi zuen.
Presidenteak, halaber, gaineratu zuen "Donetsk eta Luhansk herrietako eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetako herritar gehienek euren etorkizunari buruz hartuko duten erabakia babestuko" duela.
Ildo horretatik, Viacheslav Volodin Errusiako Estatu Dumako presidenteak eskualde horietako biztanleei eskatu die "libreki bozkatzeko" eta "beldurrik ez izateko".