Mundua -

Gerra Ukrainan

Hauek dira Putinek Errusian iragarritako mobilizazio partzialaren gakoak

300.000 erreserbista mobilizatuko dituzte, hau da, esperientzia militarra duten eta mobilizatzeko moduan dauden errusiar herritarren % 1. Errendizioagatik edo justifikaziorik gabeko desertzioagatik, soldaduek hamar urterainoko espetxe-zigorrak jaso litzakete.

Serguei Shoigu Errusiako Defentsa ministroa. Argazkia: EFE.
Serguei Shoigu Errusiako Defentsa ministroa
Zer esan nahi du Putinen erabakiak? Mikel Reparazen analisia

3:49

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak mobilizazio partziala iragarri du asteazken honetan. Horren helburua da, esan duenez, herrialdearen subiranotasuna eta lurraldeko osotasuna babestea, eta, halaber, okupatutako ukrainar lurraldeetako herritarren segurtasuna bermatzea.

Hauek dira Putinek dekretutako neurriaren arlo nagusiak:

- Errusiako Armadan bi milioi militar baino gehiago daude. Erdia teknikariak eta administrazioko langileak dira.

- Mobilizazio partzialean, 300.000 erreserbista errekrutatuko dituzte.

- Serguei Shoigu Defentsa ministroaren esanetan, 25 milioi errusiar herritarrek dute esperientzia militarra eta mobilizatzeko moduan daude. Mobilizazio partzialak % 1i eragingo die. Estatuko enpresetan lanean dabiltzan espezialistak ere mobilizatuko dituzte.

- Errusiak baztertu egin du 18 urtetik gorako ikasleak, hau da, unibertsitatean daudenak edo lan hezkuntza ikasten ari direnak, mobilizatzea.

- Erreserbistak Donbassera bidali ahalko lituzkete, legez, baita Ukrainako hegoaldean okupatuta dauden lurraldeetara ere, baldin eta Kremlinek onartzen badu horiek Errusiako zatia izatea, ostiraletik aurrera egingo dituzten erreferendumen ostean.

- Dumak, alegia, Errusiako Behe Ganberak, zuzenketak onartu zituen asteartean, zigor kodean. Hori dela eta, errendizioagatik edo justifikaziorik gabeko desertzioagatik, soldaduek hamar urterainoko espetxe zigorrak jaso litzakete, mobilizazioa edo gerra legea ezarrita.

- Nagusi baten agindu zuzenak ez betetzeak ere, agindu horiek ekintza militarretan edo borroka ekintzetan parte hartzearen gainekoak direnean, hamar urte arteko kartzela zigorra ekar lezake.

- Mobilizatutako gizonek hiru arrazoirengatik soilik utzi ahalko diote zerbitzua emateari: osasun arrazoiak tarteko, armadan ibiltzeko gehieneko adinera heltzeagatik, edo auzitegi zibil batek espetxeratzea aginduko balu.

- Tokiko komunikabide batzuen arabera, errusiar herritar gehienak ez daude ados mobilizazio orokorrarekin; hori bai, herrialdeko herritarren bi heren kanpaina militarraren alde daude.

- Shoiguk onartu egin du ia 6.000 errusiar soldadu hil direla Ukrainan, otsailean "operazio militar berezia" izenekoa hasi zenetik.

- Vesna izeneko mugimendu bakezaleak (Udaberria esan nahi du) protesta nazionala deitu du, mobilizazioaren aurka. Ez dute nahi "gurasoak, anaiak eta senarrak gerrako haragi birringailura" bidaltzea.

- Errusiako presidenteak martxoan debekatu zuen derrigorrezko soldadutza egiten ari ziren gazteak frontera bidaltzea.

- Giza eskubideetako erakundeen arabera, Armadak, azken asteotan, milaka errekruta baliatu ditu unitate militarretan, Ukrainako mugatik gertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ukraina gaur Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra