Mundua -

Gerra Ukrainan

Errusiarako atxikimenduaren gaineko bozketak egingo dituzte gaurtik aurrera Ukrainako lurralde okupatuetan

Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian deitu dituzte erreferendumak errusiarzaleek. Ukrainako Gobernuak ziurtatu du "erreferendumen fartsa horrek" ez duela "ezer" aldatuko.

Errusiaren erasoa, Donbassen. Argazkia: EFE.
Errusiaren erasoa, Donbassen
Ukrainar armadak aurrera egiten jarraitzen du eta Donbassen atarian daude dagoeneko

1:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donetsk eta Luhansk errepubliketako agintariek eta Khersoneko eta Zaporizhiako Errusiaren aldeko agintariek asteartean iragarri dutenez, Errusiarako atxikimenduaren gaineko erreferendumak egingo dituzte gaurtik, hilaren 23tik 27ra bitartean. Ukrainako Gobernuak, baina, ziurtatu du "erreferendumen fartsa horrek" ez duela "ezer" aldatuko, eta, bitartean, errusiar agintariek Volodimir Zelenskiri, Ukrainako presidenteari, leporatu diote herrialdearen suntsipenaren erruduna izatea. Horrez gain, Zaporizhiak "boluntarioen batailoiak" sortzeko dekretua iragarri du.

Testuinguru horretan, Luhanskeko Parlamentuko presidente Denys Miroshnichenkok adierazi du erreferenduma egingo dutela Ganbera Publikoko kideek aho batez onartuta puntu horren gaineko lege bat, Interfax errusiar agentziak jaso duenez. Handik gutxira, Donetskeko Ganbera Publikoak baieztatu du lurralde horretako bozketa arestian aipatutako egunetan egingo dutela, TASS albiste agentziak jakitera eman duenez.

Khersoneko Estatuko Administrazio Goreneko presidenteak, bitartean, dekretua sinatu du bozketaren data baieztatzeko; Errusiaren aldeko agintariek ezarritako hiri kontseiluak ekimena aurkeztu du bozketa hori egite aldera, argudiatuta Errusiarekin lotzeak bermatuko duela "eskualdeko lurraldean segurtasuna egotea". Gerora, ildo horretan bertan, Yevhen Balitski Zaporizhiako Errusiaren aldeko gobernadoreak aurreratu du "erreferendum bat egiteko araudi bat" sinatu duela, eskualdea Errusiarekiko atxikitzeko aukeraz.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak erreferendum "onartezinak" direla uste du. "Ukrainako lurraldeen legez kanpoko okupazio basatia legitimatzeko Errusiaren saiakera ez dugu sekula aitortuko", adierazi du Europako Batzordeko buruzagiak DPA Alemaniako albiste agentzian.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen ahotan, "nazioarteak ez ditu galdeketak onartuko", eta "esparru juridikoan ez dute ondoriorik izango". NBEko Batzar Nagusiaren pasilloetan, hitza hartu baino gutxi lehenago, kontsultak "beste probokazio bat" eta Errusiaren "zinismoaren" beste adibide bat direla esan die Macronek kazetariei. "Tragikoa ez balitz, barre egingo genuke", adierazi du.

Era berean, Ukrainan datozen egunetan egin daitezkeen "erreferendum faltsuak" sekula onartuko ez dituela ziurtatu du Etxe Zuriak. "AEBek ez ditu sekula Errusiaren apeuak aitortuko. Ukrainaren zati den lurraldea, beste ezer ez dugu sekula onartuko", esan du Jake Sullivan Segurtasun Nazionaleko aholkulariak.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia ere erreferendum "faltsuen" kontra mintzatu da. "Vladimir Putinen gerran indarkeriak gora egitea ekarriko du", ziurtatu du erakunde atlantikoak.

Ukrainak dio ez duela "ezer" aldatuko

Sergei Lavrov Errusiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako ministroak esan du horrelako ekimenek erakusten dutela lurralde horietako herritarrek nahi dutela erabaki Errusiako zati bat izan nahi duten. Ukrainako Gobernuak, aldiz, adierazi du "erreferendumen fartsa horrek" ez duela "ezer" aldatuko, eta gauza bera gertatuko dela edozein mobilizazio hibridorekin. Hala esan du Dimitro Kuleba Ukrainako Gobernuko Kanpo Arazoetarako ministroak Twitterren: "Errusia erasotzaile bat izan da eta hala jarraitzen du izaten, eta ukrainar lurraldeko zati bat legez kontra ari da okupatzen".

Nabarmendu ere nabarmendu du Ukrainak eskubide osoa duela "bere lurraldeak askatzeko, eta askatzen jarraituko du, Errusiak esateko zer duen alde batera utzita". Azken asteotan, Kherson eta Kharkiv eskualdeetan kontraerasoak egin ditu Ukrainako Armadak, eta testuinguru horretan egin du Kulebak hausnarketa.

Serhiy Haidai Luhanskeko Eskualde Administrazioko buruaren esanetan, Errusiaren aldeko agintariek erreferenduma abiatu dute "kontuan izanik bataila-eremuan porrota jasoko dutela. Soilik hori egin dezakete, erreferendumak azkar-azkar egitea; jakina, faltsuak izango dira, eta emaitzak aldez aurretik prestatuak izango dituzte", esan du.

Zelenskik Ukraina suntsitu du, dio Errusiak

Horrez gain, Errusiako agintariek leporatu diote Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari herrialdearen suntsipenaren arduraduna dela; esan dutenez, Ukrainak Kharkiv bezalako hiriak askatzeko abian jarritako kontraerasoen ondorioetakoa da suntsipen hori.

"Zelenskiren kontraeraso horrek eragin kaltegarria izan du Ukrainan. Herrialdea eta herritarrak suntsitu ditu", esan du Maria Zajarova Errusiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren bozeramaileak. Zajarovak Zelenski kritikatu du; esan duenez, "Ameriketako Estatu Batuetako komodin nazkagarria baliatu du" horrek "errekonkista gauzatzen saiatzeko".

Boluntarioen batailoiak, Zaporizhian

Bere aldetik, Yevhen Balitski Zaporizhia eskualdeko Errusiaren aldeko gobernadoreak iragarri du dekretua sinatu duela "boluntarioen batailoiak" sortzeko. Hala, Donetsk eta Luhansk eskualdeek ere dutenez, Zaporizhiak horrelako batailoiak izango ditu. Eskualdeak Errusiako Armadaren aginpean daude.

Balitskik zehaztu duenez, laster hasiko dira boluntarioak errekrutatzen; nolanahi ere, ziurtatu du errusiar jatorrizko soldadu asko Errusiaren alde ari direla borrokatzen dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ukraina gaur Errusia albisteak Vladímir Putin argazkiak Gaurko titularrak Albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Zelenski gaur