Mundua -
preso politikoa
Giza Eskubideen Zentro Nikaraguarrak Tellez gerrillari ohi espetxeratuaren osasun-egoera larriaz ohartarazi du
Gerrillari ohia jendaurrean ikusi zuten azken aldian, dekadentzia fisiko nabarmena eta tortura arrastoak ikus zitezkela salatu du Cenidhek. Zortzi urteko espetxe-zigorra ezarri zitzaion Tellezi, iaz, "aberriari traizioa" egitea egotzita.
agentziak | eitb media
Giza Eskubideen Zentro Nikaraguarrak (Cenidh) Dora Maria Tellez (Nikaragua, 1955) gerrillari ohi sandinista disidentearen osasun-egoera larriaz ohartarazi du larunbat honetan. "Bere bizitza arriskuan dago. Haren eta preso politiko guztien berehalako askatasuna eskatzen dugu", adierazi zuen Cenidhek adierazpen publiko batean. Téllez duela 17 egun ikusi zen jendaurrean azkenekoz. Bere gorputz zurbil eta argalean dekadentzia fisiko nabarmena eta tortura arrastoak ikus zitezkela salatu du Giza Eskubideen Zentro Nikaraguarrak.
Tellez, Daniel Ortega presidentearen borroka-kide izandako sandinista historikoa, iazko ekainetik "El Chipote" espetxean dago, Laguntza Judizialeko Zuzendaritza gisa ezagutzen den kartzelan. Zortzi urteko espetxe-zigorra ezarri zitzaion "aberriari traizioa" egitea egotzita. Cenidhek "berehala aske uzteko" edo espetxe-erregimena aldatzeko eskatu die agintariei.
Ibilbide sandinista
1978ko abuztuaren 22an, 23 urte zituela, Jauregi Nazionalari eraso eta Anastasio Somoza Debayle diktadorearen alde zeuden legegileak bahitu zituen komando sandinistan parte hartu zuen.
Askapen Nazionalerako Fronte Sandinistaren (FSLN) Mendebaldeko Frontearen buru izan zen 1979ko azken matxinadan, eta iraultza sandinistaren garaipenaren ondoren, Osasun ministro izan zen.
FSLNren hildotik urrundu zen 1995ean, disidente talde batek Mugimendu Berritzaile Sandinista (MRS) sortu zuenean -gaur egungo Batasun Demokratiko Berritzailea (Unamos)-. Mugimendu horren buru ere izan zen.