Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Zaporizhiako zentral nuklearraren azken erreaktorea gelditu du Errusiak

Europako zentralik handiena jasaten ari zen erasoen ondorioz erabaki dute deskonexioa. Ostiralean, Energia Nuklearraren Nazioarteko Erakundeko (IAEA) zuzendari nagusiak, Rafael Grossik, istripu bat egon zitekeela ohartarazi zuen.

Zaporizhiako zentral nuklearra. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Zaporizhiako zentral nuklearra. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Zaporizhiako zentral nuklearra. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaporizhiako zentral nuklearrean martxan jarraitzen zuen azken erreaktorea geldiarazi dute gaur errusiarrek, instalazioaren aurkako erasoek etenik ez dutelako.

"Erreaktorea geldiarazia izan da eta une honetan hozteko lanak egiten ari dira", adierazi dio Renat Karchaa Errusiako Rosenergoatom partzuergoko aholkulariak Interfax agentziari. Blokearen deskonexioa Moskun 04:00ak zirenean (01:00 GMT) egin omen dute, "modu seguruan".

Dena dela, Karchaak ohartarazi izan du intalazio energetikoa geldiaraztea ez dela erabateko bermea istripu nuklearrik gerta ez dadin, artilleriaren erasoek jarraitzen badute. Errusiak Ukrainako Armada egiten du erasoen erantzule eta Ukrainak, berriz, errusiarrei egozten die errua.

Rafael Grossi Energia Nuklearraren Nazioarteko Erakundeko (IAEA) zuzendari nagusiak ostiralean ohartarazi zuen istripu bat gerta zitekeela Europako zentral nuklear handienean, egun hartan bertan izandako bonbardaketa batek zentralaren kanpoko konexio elektrikoa moztu ondoren.

Errusiako Armadak martxoaren 4an okupatu zuen Zaporizhiako zentrala. 6 erreaktore ditu eta 10.000 pertsonak lan egiten dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski