Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak 30 herri berreskuratu ditu Kharkiveko eskualdean eta Errusia Donetsken "biltzen" ari da berriro
Bestalde, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa Kievera iritsi da larunbat honetan. Putinek "europarren Ukrainarekiko elkartasuna" apurtu nahi duela esan du, baina ez duela lortuko.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Ukrainako Armadak kontraerasoa egiten jarraitzen du herrialdearen ekialdeko Kharkiv eskualdean, eta, ondorioz, tropa errusiarrak "berriz elkartu" behar izan dira Donetsk eskualdera erretiratuz.
"Azken egunotan, Ukrainako mila kilometro koadro baino gehiago okupatzaileengandik askatu ditugu" adierazi du larunbat honetan Armadak, gerra-partean.
Ordu batzuk lehenago, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaueko hitzaldian jakinarazi zuen Armadak 30 herri baino gehiago askatu eta kontrolatu dituela Kharkiven.
Beste aldetik, Errusiako Defentsa Ministerioak tropen mugimenduen eta gerra-ekipamenduaren bideoak zabaldu zituen atzo, Kharkivera bidean baina gaur, Donetsk eskualdera bideratu direla jakinarazi dute. "Operazio militar bereziaren helburuak lortzeko, Balakliy eta Izyum eskualdeetako tropak berriz elkartzeko erabakia hartu da, Donetskeko frontean ahaleginak areagotzeko", adierazi dute errusiarrek ohar batean.
Alemaniaren babesa Ukrainari
Bestalde Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa Kievera heldu du gaur, iragarri gabeko bisita batean, "armak bidaliz eta laguntza humanitario zein finantzarioa emanez Ukrainari laguntzen ari garela erakusteko helburuz".
Baerbockek azpimarratu duenez, ukrainarrak "euren bizitza, familia eta lagunen alde" ari dira borrokan duela sei hilabetetik, eta, beraz, "ez dute bakerako eta askatasunerako eskubidea bakarrik defendatzen, baita gure ordena europarra ere".
Bisitarekin, mezu bat bidali nahi du Alemaniara, Ukrainarekiko elkartasunaren inguruan herritarren artean nekea sortzeko arriskuaren aurrean: "Putinek Ukrainarekin solidarioak izateaz nekatzea nahi du. Berak uste du gure gizartea zatitu dezakeela gezurrekin eta estortsionatu egin gaitzakeela energia hornikuntzarekin. Uste du gure balore guztien aurkakoa den eraso honetatik defendatzeko dugun indarra ken diezakegula, baina ez da horrela" ohartarazi du.