Mundua -
Elizabeth II.a zendu da
Charles III.a Erresuma Batuko errege aldarrikatu dute
Londresen, Westminstergo St. James Jauregian, izan da aldarrikapen ekitaldia. Koroatze ekitaldia, berriz, hemendik hilabete batzuetara izango da.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Elizabeth II.a erreginaren heriotzaren ondotik (96 urte), haren seme Charles III.a (73) izendatu dute gaur, irailak 10, Erresuma Batuko eta Commonwealtheko 14 herrialdetako errege.
Aldarrikapen ekitaldia 10:00etan hasi da, St. James Jauregian, Londresen, Tronuratze Batzordearen aurrean, eta historian lehen aldiz, zuzenean eman dute telebistaz.
Orain arte Galesko printzea zena automatikoki igo zen tronura ostegunean, ama hil ondoren, eta, beraz, aldarrikapena zeremonia hutsa izan da, protokoloz egin beharrekoa. Koroatze ekitaldia hemendik hilabete batzuetara egingo da.
Erregea aldarrikatzeko ekitaldian, Elizabeth II.aren heriotza iragarri da, eta, horren ondoren, aldarrikapen tradizionala irakurri da.
Gero, aparteko gela batean, Charles III.ak adierazpen bat egin du eta Eskoziako Eliza babestuko duela zin egin du, agiria sinatuz. Bere alboan izan ditu Camila emaztea eta William semea. Aurrean, berriz, egungo eta aurreko agintari politiko zein gizarte arlokoak.
Charles III.ak atzo, ostirala, eman zuen lehen hitzaldi ofiziala errege gisa. Orduan egin bezala, gaurko hitzaldian ere "amaren eredua"ri jarraipena emango diola esan du, kontziente dela "ardura handia" duela eta "Gobernu konstituzionalari eusteko zein bakea, armonia eta oparotasuna izateko" lanean jarraituko duela.
700 kide baino gehiago ditu Tronuratze Kontseiluak baina 200 inguru baino ez dituzte deitu ekitaldirako. Kontseilua bi zatitan banatuta dago eta presidente bat du buru. Hain zuzen ere, Penny Mordaunt Komunen Ganberako presidentea izendatu dute kargu horretarako. Liz Truss lehen ministro berriaren Gobernuak irailaren 6an izendatu zuen Mordaunt kargurako, eta ondoren, Eskozian, Elisabeth II.ak berak berretsi zuen postuan.
Charles III.a buruzagi erlijioso eta politikoekin bildu da
Errege berriak, lehenik eta behin, Justin Welby Canterburyko artzapezpikua, Eliza Anglikanoko primatua, hartu du Buckingham Jauregian, 14:00etan. Ordu erdi geroago, Liz Truss lehen ministroaren eta bere kabinete kontserbadoreko kidekin bildu da eta 15:00etan, Parlamentuko oposizioko buruzagiekin egin du bilera.
Azkenik, harrera pribatua egin dio David Hoyle Westminsterreko deanari. Errege-jurisdikzioaren mende dago Westminstergo gurtza-lekua eta arduradunak erregearen aurrean eman behar du kontu.
Aldarrikapena errepikatuko da bihar Eskozian, Ipar Irlandan eta Galesen
Saint Jameseko jauregian izan den aldarrikapenaren ondoren, bigarren iragarki bat egin dute Royal Exchangen, antzinako burtsan, Londresko Cityan.
Bihar ere aldarrikapenak izango dira Eskozian, Ipar Irlandan eta Galesen.
Irailaren 19an izango da Elizabeth II.aren hileta, Londresen
Isabel II.a erreginaren aldeko estatu-hileta irailaren 19an izango da, 11:00etan (10:00 GMT) Westminsterreko abadian, Londresen, Buckingham Jauregiak iragarri duenez.
Larunbat honetan Erresuma Batuko errege berri izendatu ostean, hainbat erabaki hartu ditu Charles II.ak, horien artean, Elizabeth II.aren hileta-eguna jaiegun nazionala izatea Erresuma Batuan.