Mundua -
Erresuma Batua
Elizabeth II.aren heriotzaren osteko urratsak: ekitaldiz beteriko hamar egun
Charles III.a larunbat honetan izendatuko dute errege, eta estatu hileta erregina zendu eta hamargarren egunean izango da. Hil eta hiru egunera iritsiko da gorpua Buckingham jauregira, eta biharamunean, Charles III.ak bira abiatuko du Erresuma Batua osoan zehar.
EITB MEDIA
Elizabeth II.a erregina ostegun honetan hil ondoren, orain, Erresuma Batuak ekitaldiz beteriko hamar egun ditu aurretik. Charles III.a, Erresuma Batuko monarka berria, larunbat honetan bertan aldarrikatuko dute errege, eta estatu hileta Elizabeth II.a hil eta hamargarren egunean izango da. Hil eta hiru egunera iritsiko da gorpua Buckingham jauregira, Londresera, eta biharamunean, Charles III.ak bira abiatuko du Erresuma Batu osoan zehar.
Charles III.a ofizialki errege aldarrikatuko dute larunbatean, Londreseko St James's jauregian, eta bertan, monarka berriak Eliza babestea zin egingo du.
Parlamentua dolumin mezu bat adosteko bilduko da, eta diputatuek erreginari omenaldia egingo diote Komunen Ganberan. Jarduera parlamentario guztia bertan behera geratuko da 10 egunez.
Erreginaren gorpua, hasiera batean, Eskoziako Parlamentura eramango dute, Holyrood jauregira, hain zuzen ere. Hurrengo pausoa, gorpua Edinburgoko Royal Mile etorbidetik St Giles katedralera eramatea izango da, non hil kapera jarriko duten.
D-Day+2 egunean, erreginaren hilkutxa Balmoraletik Londresko Buckingham jauregira eramango dute trenean.
Biharamunean, Erresuma Batuko monarka berriak herrialde osotik bira hasiko du, Edinburgo, Belfast eta Cardiff bisitatuz, eta bere amaren oroimenez egiten diren mezatan parte hartuz.
Bosgarren egunean, Buckinghametik Westminsterrera prozesioa egingo dute, bertan meza bat emateko. Westminster abadian, hil kapera izango dute hiru egunez apenas etenaldirik gabe (23 ordu egunean), herritarrek Elizabeth II.ari azken agurra emateko aukera izan dezaten.
Hamargarren egunean, estatu hileta egingo dute Westminster abadian. Jaieguna izango da Erresuma Batuan. 2.000 bat gonbidatu hartuko ditu Westminsterrek. Jurgi VI.a erregearen kaperan lur emango diote, Windsorreko gazteluan.