Mundua -
Erresuma Batua
Elizabeth II.a zendu da, Erresuma Batuko erregina eta azken mendeko ikur handienetakoa
Erresuma Batuko erregina 96 urte zituela hil da, Koroan 70 urte eman eta gero.
EITB Media
Elizabeth II.a, Erresuma Batuko erregina historikoa eta azken mendeko ikur handienetakoa dena, zendu da ostegun honetan, 96 urte zituela. Charles III.a larunbat honetan izendatuko dute errege.
Bi datuk erakusten dute Elizabeth II.aren proiekzio historikoa: 1953. urtean, erregin izendatu zutenean, Winston Churchill zen lehen ministroa, eta mundu eta Historia osoan, Luis XIV.a Frantziako "Eguzki erregeak" baino ez du izan erregealdi luzeagoa (72 urte, 1643tik 1715era).
Heriotzaren baieztapena 19:30ean heldu baino ordu batzuk lehenago, Buckingham Palacetik iragarri zuten medikuak "kezkatuta" zeudela erreginaren osasun egoerarekin, eta gomendatu zutela estatuburua Balmoral gazteluan (Eskozia) geratzea, zaintzapean.
Nolanahi ere, erreginaren osasun egoerari buruzko iragarpen arrunta zirudienak beste pista ezkutu batzuk zituen, etortzekoa zenaren erakusle: Elizabeth II.aren lau seme-alabak Eskoziara joan ziren premia handiz, tartean, Charles Galeskoa, hurrengo erregea izango dena. William eta Harry printzeak ere hara joan ziren. Gainera, Buckingham Jauregiak bertan behera utzi zuen ostiraleko Goardia Aldaketa, eta BBC telebista kate publikoak aldatu egin zuen eguneko programazioa.
70 urteko erreginaldian zehar, Elizabeth II.ak 15 lehen ministro izan ditu, eta Erresuma Batuko herritarren babes zabala jaso du, nahiz eta aldian-aldian eskandaluek haren familia astindu.
Bere bizitzaren azken urteetan, konpromiso publikoekin aurrera jarraitu du, baina erritmo askoz motelagoarekin, covid-19aren pandemian urtebeteko itxialdia egin ondoren, baita txertoa jaso ostean ere. Hala ere, 2022ko otsailean covid-19arekin gaixotu egin zen, aurretik mugikortasun arazoak zituela.
Horrela, batez ere 2022an, agerraldi publikoak murrizten hasi zen. Adibidez, ez zen izan Holyrood eta Buckingham jauregietako lorategietan egiten diren festetan, eta aste honetan bertan, ez zuen parte hartu Liz Truss lehen ministro berriaren izendapenean ere.
2021ean, Elizabeth II.ak Philip Edinburgokoa senarraren heriotzari aurre egin behar izan zion.
Erregina Jubileua ospatzeko ekitaldietan izan zen, argiak pizteko zeremonian, esaterako. Erresuma Batuak jubileua ederki ospatu zuen, kalejirak, munduko izar ospetsuenen kontzertuak eta erreginaren etxeak gertutik ikusteko aukerarekin.
Charles, Galesko printzea, errege berria
Erregina 73 urtez izan zen ezkonduta Philip printzearekin (Edinburgoko dukea). Elisabet II.ak lau seme-alaba ditu, zortzi biloba eta hamabi birbiloba. Ondorengotza ordenak zehazten du seme nagusia tronuratuko dutela erregea hil edo abdikatuz gero; arau horiek 2013an zuzendu zituzten, bermatzeko semeek ez zutela lehentasunik arreba nagusien gainean, horiek egotekotan.
Hala, Charles (azaroan 74 urte beteko ditu) da erreginaren oinordekoa, eta amaren heriotzaren ostean aldarrikatuko dute errege. Ondorengotza ordenan, William printzea dago, eta horren seme nagusia, George, hirugarren tokian dago.
Elizabeth II.a erregina konstituzionala zen, eta, ondorioz, Erresuma Batuko Estatuburua bazen ere, botere sinbolikoekin eta zeremonialekin. Arlo politikoan, neutrala izan da. Esate baterako, erreginak ez zuen iritzirik eman Eskoziako independentzia erreferendumaren gainean, ez eta Brexiten gaineko bozketan ere. Halaber, zituen eskumenen artean dago Gobernua izendatzea; horretarako, hauteskunde orokorretako alderdi irabazlearen liderra gonbidatzen zuen, eta hauteskundeak egin aurretik, Gobernua desegiten zuen.
Erregina, horrez gain, Commonwealtheko beste 14 herrialdetako Estatuburua zen. 2021etik, baina, talde hori txikiagoa da, Barbados errepublika bilakatu baita. Karibeko hainbat herrialdek, tartean Antigua eta Barbudak, Bahamek, Jamaikak eta Saint Kitts eta Nevisek, adierazi dute Barbadosen ildotik jarraitu nahi dutela.