Mundua -
energia krisia
Prezioak mugatuz gero petrolio- eta gas-hornidurak moztuko dituela ohartarazi dio Errusiak Europari
Vladimir Putin kontratuak betetzeko prest dago, baina sinatutakoaren aurkako neurri politikoak hartzen badira hautsi egingo ditu. Bere interesen aurka ez duela "ezertxo ere" hornituko aditzera eman du.
eitb media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak gasaren eta gordinaren iturria ixteko mehatxua egin du, EBk prezioak mugatzen baditu. Ohartarazi duenez, Errusia prest dago bere kontratuak betetzeko, baina ez du ez gasik, ez petroliorik ez ikatzik hornituko, bere interesen kaltetan. Horrela erantzun dio Putinek G7ak eta Europar Batasunak Errusiako petrolio eta gasaren prezioei muga bat jartzeko egindako proposamenari.
"Hornidura-kontratuetan ezarritako konpromisoak daude. Eta kontratuei kontra egiten dien neurri politikoren bat hartzen bada, ez ditugu beteko", adierazi du Errusiako presidenteak VII. Ekialdeko Ekonomia Foroan Vladivostoken, Errusiako ekialde urruneko hiriburuan.
Putinek azpimarratu duenez, Errusiak "ez du ezertxo ere hornituko gure interesen kontra egiten badu, ez gasik, ez petroliorik, ez ikatzik".
G7ak Errusiako petrolioa eta haren deribatuak mundu mailan garraiatzea baimentzeko aukera planteatu du, soilik produktuak gehienezko prezio batetik behera saltzen badira. Moskuk, baia, erabat baztertu du aukera hori.
Proposamen honen bidez, Errusiak Ukrainan egiten duen kanpaina militarraren finantzaketa eten nahi da, Europar Batasunak Errusiak otsailaren amaieratik esportatzen dituen erregai fosil guztien % 54 erosi dituenean hain justu, 85.100 milioi dolarreko balioarekin.
Zifra ofizialik ez dagoen arren, uste da Errusiak 100.000 milioi euro inguru inbertitu dituela Ukrainaren aurkako gerra finantzatzeko, eta, beraz, erregaien esportaziotik datozen diru-sarrerak bihurtu dira Errusiaren kanpaina militarra ahalbidetzen duen "funtsezko faktorea".