Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak "argibide gehigarriak" eskatu dizkio NBEren agentzia nuklearrari Zaporizhiako txostenaren inguruan
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Ministroak eskatu ditu argibideak. Ukrainako presidenteak, Volodimir Zelenskik, bere aldetik, "ondo" ikusten du txostenaren balorazioa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Ministroak "argibide gehigarriak" aurkeztea eskatu dio NBEko Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeari (OIEA) Zaporizhiako zentral nuklearraren txostenaren inguruan.
Rosatom Errusiako Energia Atomikoren Korporazioko zuzendari nagusiak, Alexei Lijachevek, esan du konpainia "prest" dagoela OIEArekin lankidetzan aritzeko, eta adierazi du korporazioak "ahal duen guztia egingo duela zentraleko eragiketa seguruak bermatzeko".
Aitzitik, Errusiak OIEAren aurrean duen ordezkariak, Vasili Nebenziak, kritikatu du txostenak ez duela adierazten "zein den zentralaren aurka azken egunetan izandako tiroen iturria", eta egiletza Errusiak Ukrainako armadari egotzi dio.
Errusiaren aldeko adierazpenak baino ordu batzuk lehenago, Ukrainako presidenteak, Volodimir Zelenskik, txostenean Errusiak instalazioen gainean egiten duen kontrol militarrari buruzko aipamenak jasotzea ospatu du.
"Txostenak dio errusiar talde militarra dagoela zentral nuklearraren lurraldean, gure espezialista nuklearren gaineko presioa azpimarratzen du eta Errusiako okupazio militarrari buruzko aipamen argiak egiten ditu. Ondo dago", azaldu du Zelenskik.