Mundua -
erresuma batua
Liz Truss aurpegi berriez inguratu da, Johnson aroa atzean uzteko
Lehen ministro britainiar berriak sail nagusiak birmoldatu ditu, Defentsa arduraduna soilik mantenduta.
agentziak | eitb media
Liz Truss Erresuma Batuako lehen ministroak Gobernu berria aletu du astearte honetan, lehen lerroaren birmoldaketa orokorra duelarik ezaugarri nagusitzat. Dena dela, ez da aldaketa handirik espero Boris Johnsonen aroari dagokionez.
Hala, Trussek lehen ministro orde gisa aurkeztu du Therese Coffey diputatua. Osasun sailaren ardura ere hartuko du, eta Finantzetarako, berriz, Kwasi Kwarteng hautatu du, alor ekonomikoan esperientzia handia daukan legegilea.
Kanpo Arazoetako sailaren buru James Cleverly izango da, aurretik ere Ministerio horretan lan egindakoa eta orain arte Hezkuntza ministro izandakoa. Barne Arazoen kasuan, Suella Braverman izendatu du lehen ministroak, amaitu berri diren primario kontserbadoreetan hautagai izandakoa. Justizia saila Brandon Lewisek hartuko du bere gain, iragan uztailean Ipar Irlandarako Gobernu britainiarreko arduradun kargua utzi ostean.
Sail nagusien artean, Ben Wallacek bakarrik errepikatuko du Defentsa arduradun gisa; funtsezko une batean, Erresuma Batua Ukrainari ematen ari zaion laguntza militarra bitarteko.
Komunen Ganberako 'tory' aulkietara ere hedatu ditu aldaketak lehen ministro berriak. Gobernu kontserbadore baten baitan lehen aldiz, emakume batek, Wendy Mortonek, hartuko du parlamentuko diziplina mantentzeko ardura.
Truss astearte honetan bertan sartu da Downing Streeten lehen ministro gisa, Elisabet II.a erreginak Balmoralgo (Eskozia) egoitzan harrera egin ondoren. Hala osatu du uztailaren 7an, Johnsonek kargua utziko zuela iragarri zuenean, abiatutako eraberritze prozesua.