Mundua -

Energia

EBko Energia ministroak irailaren 9an bilduko dira "energiaren merkatua konpontzeko"

"Batasun mailako irtenbide bat da, urrutitik, egin dezakegun onena", defendatu du EBko seihileko presidentzia duen Txekiako Jozef Sikela Industria ministroak. Ursula von der Leyenek, bestalde, Brusela "larrialdiko esku-hartze batean" lanean ari dela esan du.

Europar Batasuna. EFE.
Europar Batasuna. EFE.
Von der Leyenek energiaren merkatuaren urgentziazko esku-hartzea iragarri du

03:12

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Energia ministroak ezohiko bilera egingo dute irailaren 9an "energiaren merkatua konpontzeko" neurriak eztabaidatzeko, Europan prezioak gora egiten ari direla eta.

"Negoziazioz betetako asteburu baten ondoren, Energia Kontseiluaren ezohiko bilera deitu dugula iragarri dezaket. Bruselan bilduko gara irailaren 9an", adierazi du Jozef Sikela Txekiar Errepublikako Industria ministroak. Txekiak du uneotan Europar Batasunaren seihileko presidentzia. 

EBko seihileko presidentzia duen Txekiako Jozef Sikela Industria ministroak adierazi duenez, Europak "energiaren merkatua konpondu behar du". "Batasun mailako irtenbide bat da, urrutitik, egin dezakegun onena", defendatu du sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Peter Fiala Txekiako lehen ministroak Energia ministroen premiazko bilera bat iragarri zuen joan den astean, merkatu energetikoaren egoera eztabaidatzeko, blokearen segurtasun energetikoa bermatzeko eta energia aurrezteko planak aztertzeko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bestalde, Brusela "larrialdiko esku-hartze batean eta merkatu elektrikoaren egiturazko erreforma batean" lanean ari dela baieztatu du. Esan duenez, merkatua "beste egoera batzuetarako" diseinatu zen, eta kontinentean ordaintzen diren prezio "neurrigabeen" atzean dago.

"Errusiako erregai fosilen aroa amaitu da Europan, eta xantaiatik askatzeak ordena globala defendatzeko botere gehiago emango digu", aldarrikatu du Alemaniako kontserbadoreak Esloveniako foro batean.

Gertakari horiek berpiztu egin dituzte gasaren prezioa denek batera mugatzeko edo Europako sistema marjinalista erreformatzeko neurri zorrotzagoak eskatzen dituzten Europar Batasuneko ahotsak.

Espainiako Gobernuak esku hartzeko erabakia ospatu du

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak Von der Leyenen iragarpena ospatu du. TVEri egindako adierazpenetan, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak esan du Batzordearen jarrera mugimendu "oso interesgarria" dela, baina aitortu du orain dela urtebete ikusi nahiko zukeela, Espainiako Gobernua merkatuaren erreforma eskatzen hasi zenean.

Riberak ezinbestekotzat jotzen du gasaren prezioaren arazoari aurre egitea, elektrizitatearen prezioan eragin zuzena baitu, baina "apurtuta" dagoen merkatuari esku hartzeko aukera pasatzen ez uzteko eskatu du. Aparteko neurriak "iberiar salbuespenaren" antzekoak izango direla uste du, hau da, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioa mugatzea. Espainian eta Portugalen elektrizitatearen handizkako prezioa % 20 inguru murriztea ahalbidetu du.

Prezioak, goraka

Astelehenean, Herbehereetako TTF erreferentziazko indizean gasaren prezioa % 16 jaitsi da megawatt orduko (MWh), 280 euro ingurura, baina aurreko astean % 39 igo zen, 340 eurora iritsi arte.

Bestalde, elektrizitatearen prezioa 630 euro baino gehiagoan ordaintzen da megawatt orduko Alemanian, Belgikan edo Danimarkan, eta 730 eurotik gora Frantzian, Italian, Errumanian, Hungarian, Kroazian edo Austrian.

Espainiako Estatuan, handizkako merkatuari lotutako tarifa arautuko bezeroentzako argindarraren batez besteko prezioa % 8,51 igoko da asteartean 459,4 eurora arte, eta, horrela, maximo berri batera helduko da Iberiar penintsulako salbuespena indarrean sartu zenetik, Europa Pressek jasotako Energiaren Merkatu Iberiarreko Operadorearen (OMIE) behin-behineko datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Brusela Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Europako Parlamentua Energia aurreztea Energia ekoizpena gaur