Mundua -
Koronabirusa
Modernak Pfizer eta BioNtech salatu ditu ARNm patentea "hausteagatik"
Enpresa farmazeutikoak azpimarratu du ez duela "Cominarty", Pfizerrek eta BioNTechek koronabirusaren aurka garatutako txertoaren izen komertziala, kentzea bilatzen, ezta COVAX programak txertoaren banaketan laguntzeko konpromisoa hartu duen 92 herrialdeetako salmenten konpentsaziorik jaso ere.
Agentziak | EITB MEDIA
Moderna enpresa farmazeutikoak salaketa bat jarri du Pfizer eta BioNtech konpainien aurka, 2010 eta 2016 artean ARNm-ren teknologiaren garapenaren parte gisa aurkeztu zuen patentea hautsi izana egotzita.
"Eskaera horiek aurkeztu ditugu ARNm-ren teknologia-plataforma berritzailea babesteko. Aitzindariak izan ginen plataforma horretan, eta milaka milioi dolar inbertitu genituen hura sortzeko, covid-19aren pandemiaren aurreko hamarkadan patentatu genituenak", adierazi du gaur Stéphane Bancel Modernako zuzendari exekutiboak ohar batean.
Modernaren arabera, Pfizer estatubatuarrak eta BioNtech alemaniarrak koronabirusaren aurkako txerto propioa garatu zuten ARNm teknologia erabiliz, "Modernako asmakizunak legez kanpo kopiatu zituzten, eta baimenik gabe erabiltzen jarraitu dute", esan du Shannon Thyme Klinger konpainiaren lege-zuzendariak.
"Modernak uste du Pfizerrek eta BioNTechek Modernako teknologia patentatuen funtsezko bi ezaugarri kopiatu zituztela, funtsezkoak direnak ARNm-ren txertoen arrakastarako", ostiral honetan zabaldutako idazkian jasotzen denez, non baieztatu duten bi konpainiek ez zutela behar adinako esperientziarik ARNm-ren teknologian oinarritutako txertoak garatzeko 2019an, koronabirusaren pandemia lehertu zenean.
Massachusetts-en (Ameriketako Estatu Batuak) egoitza duen enpresak argudiatu duenez, 2020ko urrian covid-19arekin lotutako patenteen gaineko eskubideak ez eskatzeko konpromisoa hartu zuen pandemiak jarraitzen zuen bitartean.
Hala ere, bere esanetan, 2022ko martxoan konpromiso hori eguneratu zuen, Osasunaren Mundu Erakundearen COVAX programak eta GAVI fundazioak diru-sarrera txiki eta ertainekotzat jotako 92 herrialdeetan erreklamaziorik eskatuko ez zuela ziurtatuz.
Ohar horretan, Modernak argudiatu duenez, aurtengo martxotik aurrera, "covid-19aren aurkako borroka kolektiboa fase berri batean sartu zenean eta txertoen hornidura munduko leku askotan sartzeko oztopo izateari utzi zionean", konpainiak "espero zuen Pfizer eta BioNTech bezalako enpresek jabetza intelektualeko beren eskubideak errespetatuko zituztela, eta merkataritza-lizentzia arrazoizkotzat joko zutela, beste merkatu batzuetarako eskatuz gero".
Modernak azpimarratu duenez, salaketarekin ez du "Cominarty", Pfizerrek eta BioNTechek koronabirusaren aurka garatutako txertoaren izen komertziala, kentzea bilatzen, ezta COVAX programak txertoaren banaketan laguntzeko konpromisoa hartu duen 92 herrialdeetako salmenten konpentsaziorik jaso ere.
Era berean, bere erreklamazioak 2022ko martxotik ondorengo aldira mugatzen direla zehaztu du.
Konpainiak adierazi duenez, salaketa bana aurkeztu du AEBetan eta Alemanian, eta ez du xehetasunik eman bi konpainiei eskatzen dizkien konpentsazio ekonomikoei buruz.