Mundua -
Ukrainako gerra
Zaporizhiako zentral nuklearra Ukrainako energia sistematik deskonektatuta geratu da ordu batzuez
Konexioa berrezarri dute dagoeneko. Energoatom enpresa ukrainarrak jakinarazi duenez, zentral nuklearreko errauts putzuetan piztutako sute batek deskonexioa eragin du.
Agentziak | EITB Media
Sute batek Zaporizhiako zentral nuklearra Ukrainako energia sistemarekin konektatuta mantentzen zuen azken linea deskonektatzea eragin du, Energoatom Ukrainako energia enpresak jakinarazi duenez. Konexioa berrezarri dute dagoeneko.
Sutea zentraleko errauts putzuetan izan da. Enpresak "eraso terroristatzat" jo zituen ekintzek beste hiru lerro kaltetu zituzten aurretik.
Martxotik Errusiaren kontrolpean zegoen zentrala lau guneetako batek soilik konektatzen zuen sarera. Errusiako eta Ukrainako indarren arteko borroka gunea izan da, eta horrek Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen kezka piztu du.
"Inbaditzaileen ekintzek ZNPP sare elektrikotik erabat deskonektatzea eragin zuten, lantegiaren historian lehenengo aldiz", esan du enpresak komunikatu batean.
Lantegiaren egoerak kezka handia sortu du, borrokek ustekabeko ondorioak dituen gertakari atomiko bat eragin dezakeelako.
Parisen, aurretik, Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusiak Ukrainarekin eta Errusiarekin aurreakordio bat dagoela azaldu du, agentzia horrek "datozen egunetan" ikuskapen bat egin dezan.
"Xehetasunak lantzen ari gara. Ikuskapen baten hipotesia berehalakoa da", esan du Grossik France 24 telebista katean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin bildu ostean.