Mundua -
errusia
Daria Dugina hil da bonba-autoz egindako atentatu batean, Putinen ideologoaren alaba
Ukrainar Presidentetzako aholkulari baten arabera, "Ukrainak ez du zerikusirik" atentatuarekin.
agentziak | eitb media
Daria Dugina hil zen larunbat honetan Moskun, bonba-autoz egindako atentatu batean, TASS agentziak jakitera eman duenez. Alexander Duguin errusiar filosofoaren alaba zen, mugimendu euroasiatikoko lider eta Kremlineko ideologo nagusia ere badena.
Errusiako autoritateen atariko txostenen arabera, ustez Toyota Land Cruiser auto batean ezarritako lehergailu batek eztanda egin zuen, ibilgailua bide publikotik abiadura handian zihoala, 21:00ak aldera.
Errusiak Ukrainari egindako erasoaren testuinguruan Mendebaldearen zigorra jaso zuen kazetari eta politogoa kultur jaialdi batetik zetorren Moskutik, aitaren kotxean ezarritako lehergailuak eztanda egin zuenean.
Andrei Kreasnoveek, familiaren ezagun batek, baietsi duenez, "sutan zegoen erabat, kontrola galdu zuen abiadura handian gidatzen ari zelako, eta errepideko beste aldera hegan atera zen". Era berean, azaldu du Alexander Duguin zela "helburua".
Denis Pushilin Donetskeko Herri Errepublikako liderrak Kievi egotzi dio Dugina hil duen leherketa. "Ukrainar erregimeneko terroristek, Alexander Dugin ezabatzeko saiakeran, alaba detonatu dute", idatzi du bere Telegram kontuan.
Hala ere, Mijailo Podoliak Ukrainako Presidentetzako aholkulariak nabarmendu duen Ukrainak ez duela atentatuarekin "zerikusirik", ez delako Estatu "terrorista" bat. Gainera, azpimarratu du "errepresalia mekanismoa herrialde erasotzailearen" barnean jarri dela martxan, UNIANek jaso bezala.
Alexander Duguin, mugimendu euroasiatikoko liderra, Vladimir Putin errusiar presidentearen hurbilekoa da. Ukrainari egindako erasoaren "gida espiritualtzat" jo izan dute Duguin eta, sarritan, "Putinen burmuin" gisa definitzen zaio. 2015ean Krimeako anexioan izandak ustezko parte hartzeagatik zigortu zuten Estatu Batuek.
Haren alaba, Dugina, 1992an jaio zen eta Filosofia ikasi zuen Moskuko Unibertsitatean. Urte hasieran, estatubatuar eta britainiar autoritateek Ukrainako gerrari buruzko desinformazioan parte hartu izanagatik zigortu zuten.