Mundua -

Afganistan

Nilofar Bayat: "Afganistanen genero apartheid-a gertatzen ari da"

Datorren astelehenean beteko da urtebete talibanek boterea hartu zutenetik. Emakumeek egoera larria bizi dute herrialdean, eta aldaketa eskatzeko protestan ari dira egunotan. Gurean ere kalera aterako dira emakume afganistandarrak, Bilbon, abuztuaren 16an.

Nilofar Bayat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Nilofar Bayat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Nilofar Bayat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

play icon 22:45

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain urtebete iritsi zen Bilbora Afganistandik ihesi Nilofar Bayat. Espainiako gobernuak jarritako hegazkinean atera zen herrialdetik talibanek boterea eskuratu ondoren. Abokatua ikasketez, emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua da, eta Bidaideak saskibaloi-taldean ari da, gurpildun aulkian, talde mistoan, gizonekin batera.

Gaur egun, errefuxiatu agiria du, eta, dagoeneko, senide guztiak ditu gertu, Euskal Herrian. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan azaldu duenez, hilabete da hemen direla, eta oso pozik dago: "Gurekin 18 senide ditugu orain, familia handia".  

Bayatek kontatzen duenez, talibanak euren etxera joan ziren senideen bila, baina, zorionez, ez zuten inor harrapatu. Deitoratu du herrialdea dagoeneko ez dela segurua inorentzat, eta, hori dela eta, banaka-banaka sendiak Afganistandik ateratzen hasi ziren, "bertan bizitzea ezinezkoa baita".

Dioenez, pobrezia handia da han, eta apenas dago jateko, "jende piloa dago kalean eskean. Laguntza eske ari dira, baina inor ez dago beraiek laguntzeko". Nazioarteko erakundeen arabera, 10 afganiarretik zortzi pobrezia larrian bizi dira. Emakumeen kasuan, gainera, egoera are larriagoa da. "Genero apartheid-a gertatzen ari da, gizartearen erdia suntsitu nahi dute -talibanek-. Emakumeak garelako ez dute gu existitzerik nahi", salatu du Bayatek.

"Egoera ezin txarrago" horri amaiera emateko asmoz, kalera atera dira egunotan herrialdeko emakumeak, "askotan esan diete talibanei ezetz", baina horiek izua ezarri nahi dute herrialdean. Adibide moduan jarri du orain gutxi gertatutakoa: "Talibanek protestan ari zen neska bat bahitu, jipoitu eta taldean bortxatu zuten; bera eta bere ahizpa". Gainera, jarraitu duenez, agiriak kendu dizkiote Afganistandik atera ezin izateko, "ez bera, ezta bere senideak ere. Oso tristea da".

Halako kasuetan, familiak berak biktimak baztertzen dituela salatu du Bayatek, "isolatzen dituzte, ez dituzte onartzen". "Hori gertatzen ari da; emakumeena baizik, gizarte osoaren krisia da", ondorioztatu du.

Egoera hori amaitu dadila eskatzeko kalera aterako dira emakume afganiar guztiak abuztuaren 16an, asteartean, Bilbon, Udalaren baimena badute, Bayatek iragarri duenez. "Eskatuko diogu munduari ez ditzala Afganistango emakumeak ahaztu, ez dezatela herrialdea ahaztu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia Talibanen erregimenaren azken ordukoa