Mundua -
Tentsioak gora
Taiwanek gerra maniobrak hasi ditu defentsa-gaitasuna frogatzeko, Txinaren maniobren aurrean
Txinak Pelosiren bisitari erantzunda hasitako maniobrak aurreko igandean bukatzekoak ziren, baina luzatzen jarraitu dute epe mugarik zehaztu gabe. Asteartean, Taiwan ere hasi da gerra maniobrak egiten benetako suarekin.
agentziak | eitb media
Taiwanek gerra maniobrak hasi ditu asteartean Txinaren aurrean defentsa gaitasuna frogatzeko. Txinak ia astebete darama militarrak uhartearen inguruan sakabanatzen, Nancy Pelosi AEBko Kongresuko presidentearen bisitari erantzunda.
Txinak, historian lehen aldiz, aurreko abuztuaren 4an hasi zituen gerra maniobrak benetako suarekin eta misilen jaurtiketarekin Pelosiren bidaiaren biharamunean eta, aurreko igandean bukatzekoak baziren ere, beste bi egunez luzatu ditu, epe mugarik zehaztu gabe.
Txinako Armadak astearte honetan iragarri du maniobrekin aurrera jarraituko duela. "Segurtasun operazio bateratuak" egin dituzte gaur. Oraingoz, ez dute maniobrak amaitzeko datarik eman.
Itsasarteko marra Taipeik eta Pekinek orain arte errespetatutako muga ez ofiziala da. Azken egunetan, aldiz, Txinako hegazkinek eta ontziek behin eta berriro zeharkatu dute. Horrela, adituen arabera, Txinak uhartearen gaineko presioa nabarmen areagotu du.
Txinaren maniobrei erantzuteko, Taiwanek ariketa militarrak abiatu ditu, Txinaren balizko inbasio baten aurrean defentsa gaitasuna probatzeko. Operazioak berriz errepikatu ditu ostegunean.
Joseph Wu Taiwango Atzerri ministroak prentsaurrekoan adierazi duenez, Txinaren maniobra militarrak "probokazio zentzugabea" dira, eta Pelosiren bidaia "Txinarentzako aitzakia izan da soilik".
"Taiwango itsasartea barne itsaso bihurtu nahi du Txinak, nazioarteko itsas bidearen statu quoa ukatuz, nabigaziorako askatasun eskubideari kalte eginez", salatu du ministroak.
AEBko Ordezkarien Ganberako presidentearen bisitak Taiwanen eta Txinaren arteko krisia piztu zuen iragan astean. Txinako Gobernuak AEBrekin lankidetza eta elkarrizketa bertan behera utzi zituen zenbait esparrutan, klima aldaketa eta defentsa arloetan, esaterako.
"Hanka-sartzeen aurrean aitzakiak jarri beharrean, nazioarteko betebeharrak eta erantzukizuna onartu beharko lituzke Washingtonek", adierazi du Ma Zhaoxu Txinako Atzerri ministrordeak, CCTV telebistari eskainitako elkarrizketan.