Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek ofizialki berretsi du su eten akordioa Jihad Islamiarrarekin
Gazako Zerrendan izan den hiru eguneko gerrak 40 palestinar baino gehiago hil eta 300 pertsona baino gehiago zauritu ditu.
Agentziak | eitb media
Israelgo Gobernuak su eten akordio bat baieztatu du igande honetan Gazako Zerrendako hiru eguneko gerrari amaiera emateko. Su etena 23:30ean sartuko da indarrean.
Israelgo Gobernuak ez du inoiz erakunde terroristatzat jotzen dituen taldeekin akordiorik formalki baieztatu, eta ohartarazi du "irmo" erantzungo duela baldintzak betetzen ez badira.
"Su etena hausten bada, Israelek irmo erantzuteko eskubidea izango du. Ez dugu onartuko aldeetako batek ere Israelen bizi direnen eguneroko bizitza erasotzea", adierazi du Israelgo Gobernuak ohar batean.
Israelgo Gobernuko Diplomazia Publikoko Zuzendaritzak, Yair Lapid lehen ministroaren menpekoak, tradizio luzea hautsi du horrela, Israelek ez baitu inoiz Palestinako miliziekin akordiorik baieztatu.
Orain arte, identifikatu gabeko iturrien bidez baieztatzen zen, Israelek terroristekin negoziatzen ez duela argudiatzen baitzuen.
Aurretik, Jihad Islamiarrak akordioaren iragarpena zabaldu du. "Duela gutxi akordio batera iritsi gara Egiptoko su etenerako akordioaren testuari buruz. Akordio horretan, bi preso askatzeko lan egiteko konpromisoa jasotzen da, (Bassem) al Sadi eta (Jalil) Awawdeh", azaldu du Mohammad al Hindi Jihad Islamikoko buruzagiak, Israelgo prentsak jasotako mezu batean.
Al Sadi Jihad Islamiarraren Zisjordaniako arduradun nagusia zen, eta joan den astean atxilotu zuten Yeninen. Awawdeh ere Israelen dago jagoletzapean.
Orain arte, 41 palestinar hil eta 311 zauritu dira Gazako Zerrendan.