Mundua -

Taiwan

Txinak Pelosi zigortu eta AEBrekin lankidetza mekanismoak bertan behera utzi ditu

Honenbestez, bi superpotentzietako armaden arteko konfiantza mekanismoa desagertuko da, Taiwango itsasartean tentsioak gora egin duen unean.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Txinak harremanak hautsi ditu AEBekin eta Nancy Pelosi zigortu du Taiwanera egindako bisitaren ondoren

01:18

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nancy Pelosik Taiwan bisitatu ondoren, Txinak errepresaliak areagotu ditu gaur. Besteak beste, Washingtonekin lankidetza mekanismoak bertan behera utzi ditu Asiako erraldoiak, AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteari zigorrak ezarri dizkio, eta gerra-ontziek zein hegazkinek Formosa itsasartearen marra zeharkatu dute.

Politikari beteranoaren bidaia polemikoaren ondotik, Pekinek zortzi neurri hartu ditu. Besteak beste, maila judizialean, legez kanpoko etorkinen aberriratzea, laguntza judiziala, delitu transnazionalen aurkako borroka eta klima aldaketaren kontrako borrokan elkarrizketak eten ditu.

Gainera, komando militarren buruzagien arteko telefono deiak eta bi potentzien Defentsa arduradunen bilerak bertan behera utzi ditu, baita Itsas Segurtasun Militarreko Kontsulta Mekanismoa ere.

Horrela, bi superpotentzietako armaden arteko konfiantza mekanismoa desagertuko da, Taiwango itsasartean tentsioak nabarmen gora egin duen unean.

Nancy Pelosi en Japón. Foto: EFE

Ordubete eskas lehenago, Asiako herrialdeak Pelosiri eta haren senideei zigorrak ezarri dizkie, bisitarekin Txinaren "kezkari eta oposizio sendoari entzungor" egiteagatik, eta "subiranotasunari eta lurralde osotasunari eraso" egiteagatik.

Horrela, Pelosik eta haren senitartekoek ezin izango dute Txinan sartu. Oraingoz ez dute xehetasun gehiagorik eman.

Era berean, Txinak Europar Batasuneko, Japoniako eta Kanadako ordezkari diplomatikoak deitu ditu azken orduetan, G7ko Atzerri ministroek Taiwanen inguruan egindako adierazpenen harira.

Pelosiren bisita "Taiwango itsasartean ekintza militar erasokorrak egiteko aitzakia" bezala ez erabiltzeko eskatu zioten ministroek Pekini, ostegunean.

Zer ondorio izango ditu Nancy Pelosik Taiwanera egin duen bisitak?
Zer ondorio izango ditu Nancy Pelosik Taiwanera egin duen bisitak?
Zer ondorio izango ditu Nancy Pelosik Taiwanera egin duen bisitak?

5:29

Washingtonek Pekin "arduragabetzat" jo du

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Txina "arduragabetzat" jo du, esparru "erabakigarrietan" lankidetza bertan behera uzteagatik. John Kirby Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren Komunikazio koordinatzaileak Pekinen neurriak deitoratu ditu, ez duelako soilik AEB zigortuko, "mundu guztia" baizik.

Gogorarazi duenez, kutsatzaile nagusiak, krisi klimatikoaren aurkako borrokan neurri "erabakigarriak" martxan jartzeko orduan, lankidetza ukatu du orain. Ozeano Bareko uharteei eragingo die, itsas mailaren igoerari aurre egin beharko baitiote.

Txinak Pelosiri eta haren senideei ezarritako zigorrak gaitzetsi ditu Kirbyk. "Behin eta berriro errepikatuko dut, berak joateko eskubide osoa zuen, iraganean Ordezkarien Ganberako presidenteak istilurik eragin gabe bisitatu zuen bezala, baita Kongresuko presidenteek ere, aurten", gogorarazi du.

Bestalde, Taiwanek gaur salatu duenez, Txinako Armadaren 68 hegazkinek eta 13 gerra-ontzik itsasartean jarraitzen dute, eta horietako batzuk Formosa itsasarteko marra zeharkatu dute, maniobren bigarren egunean.

Marrak muga ez-ofizial baten funtzioa betetzen du itsasartean. Azken hamarkadetan Txinak eta Taiwanek marra errespetatu dute.

Uharte inguruan sei eremutan ariketak egiten ari da Txinako Armada, horietako bat Kaohsiungeko (Taiwan hegoaldeko hiri nagusia) kostaldetik 20 kilometro ingurura. Nahiz eta azken urteetan Asiako erraldoiak beste simulakro batzuk egin, aste honetakoak ezberdinak dira, "eremu zabalagoa hartzen dutelako, osagai militar gehiagorekin, eta eraginkorrak izatea espero dute", Txinako defentsa adituek jakitera eman dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina Japonia Eguneko albisteak Albisteak Kanada Taiwan