Mundua -
ERREAKZIOAK
Txinak europar diplomazialariei dei egin die Taiwaneko tentsioaren aurrean Mendebaldeak zuhur jokatu bitartean
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak bere "kezka" erakutsi du Txinaren mugimendu militarren harira. Txina, bere aldetik, europar eta japoniar diplomazialariei dei egin die G7ak izandako jarreraren aurrean mintzatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteak, Nancy Pelosik, Taiwanen egindako bisitak nazioarteko harremanak tenkatu ditu.
Josep Borrell Europar Batasunak Kanpo Politikarako duen goi ordezkariak Taiwaneko itsasarteko krisian inplikatuta dauden alderdi guztiei "egoera larriak" saihesteko eskatu die.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, bestalde, bere "kezka" erakutsi du Txinaren maniobra militarren aurrean.
Mugimendu horiei erantzuna emanez, Taiwaneko armadak bere ahalmena eta prestaketa handituko du irlaren subiranotasuna babesteko "gerrara bideratzen dituzten gatazkak eragin gabe".
Ameriketako Estatu Batuek ere Txinako erantzun militarraren harira hitz egin dute, eta gertatutakoa herrialdeen arteko tentsioen "igoera adierazgarria" dela adierazi dute. Pelosik, AEBko bisitaren protagonistak, "barregarritzat" jo du bere bidaiak irlan eragina izatea, eta azaldu du bere helburua ez dela "herrialdearen statu quoa aldatzea".
Txina, bere aldetik, europar eta japoniar diplomazialariei dei egin die G7ak izandako jarreraren aurrean. Ostegun honetan, G7aren Kanpo ministroek Pekini eskatu zieten Pelosiren bisita aitzakia gisa ez erabiltzea "itsasartean akzio militar gogorrak aurrera eramateko". Borrellek, gainera, ministro horiek esandakoa defendatu du, eta alde guztiei eskatu die "lasaitasuna mantentzea eta gardentasunez aritzea".