Mundua -

Tentsioa

Nancy Pelosik Taiwanen lur hartu eta AEBren eta Txinaren arteko tirabirak areagotu ditu

Txinako Defentsa Ministerioak "maniobra militarrak" iragarri ditu, bisitari "erantzuna" emateko. Bestalde, AEBko Armadak USS Ronald Reagan hegazkin-ontzia eta USS Tripoli ontzi anfibioa ditu Taiwanetik gertu, F-35 ehiza-hegazkin bonbaketariekin.

Nancy Pelosiren hegazkinak Taipeiko (Taiwan) Songshan aireportuan lur hartu du. Argazkia: EFE
Nancy Pelosiren hegazkinak Taipeiko (Taiwan) Songshan aireportuan lur hartu du. Argazkia: EFE
Nancy Pelosiren hegazkinak Taiwanen lur hartu du

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nancy Pelosi Taiwanen dago. Iragarri gabeko bisitak Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko tentsioa areagotu du. Pekinek bidaia probokaziotzat jo du. Era berean, indar militarra erakutsi du, eta uhartearen inportazioei zigorrak ezarri dizkio.

Nancy Pelosi AEBko Ordezkarien Ganberako presidentearen hegazkinak Taipeiko (Taiwan) Songshan aireportuan lur hartu du.

Asian zehar bidaia egiten ari da Pelosi, baina ez berak, ezta Taiwango Gobernuak ere, ez dute bisita aldez aurretik baieztatu, nahiz eta AEBko eta bertako komunikabideek aurreratu.

Ameriketako Estatu Batuen "ekintza probokatzaileagorik imajinatzea zaila" dela ziurtatu du Pekinek. Txinako Armadak "besoak antxumatuta" geratuko ez zela ohartarazi zuen dagoeneko.

Horrela, SU-35 Txinako hegazkin militarrek Taiwango itsasartea gurutzatu dute, Txinako komunikabideek jakitera eman dutenez. Gainera, Txinako Defentsa Ministerioak "maniobra militarrak" iragarri ditu, bisitari "erantzuna" emateko, Global Times egunkari ofizialak jakinarazi duenez.

Defentsa Ministerioak azaldu duenez, operazioek Txinaren "lurralde osotasuna eta subiranotasun nazionala ausarki defendatzeko" helburua dute.

Bestalde, AEBko Armadak USS Ronald Reagan hegazkin-ontzia eta USS Tripoli ontzi anfibioa ditu Taiwanetik gertu, F-35 ehiza-hegazkin bonbaketariekin.

Zazpi orduko bidaiaren ostean, Kuala Lumpurretik (Malaysia) aireratu, Hego Txinako itsasoa saihestu eta Indonesiaren zein Filipinen gainetik hegan egin ondotik, Joseph Wu Chao-hsieh uharteko Atzerri ministroak eta Sandra Oudkirk Taiwango Institutu Estatubatuarraren zuzendariak Pelosiri harrera egin diote.

Lur hartu ondoren, Pelosik Twitter sare sozialean adierazi duenez, bisitarekin "Estatu Batuek Taiwango demokrazia sutsuaren babesarekiko duten konpromiso hautsiezina ondratu" nahi du.

Funtzionarioak erantsi duenez, bidaia "ez dago AEBren urte luzeetako jarrerarekin kontraesanean"; "Status quoa aldatzeko aldebakarreko esfortzuen aurka gaude", gogorarazi du.

Gainera, The Washington Post egunkarian argitaratutako iritzi zutabean, bisitak, Pekinen "mehatxuen" aurrean, uhartearen demokrazia "babesteko" balio duela defendatu du buruzagi demokratak.

Washingtonek "Taiwan babestu" behar duela nabarmendu du Ordezkarien Ganberako presidenteak, "mehatxupean" dagoelako. Azken urteetan, "Pekinek tentsioa modu dramatikoan areagotu du", kritikatu duenez, eskualdean aireko operazioak, Taiwango agentzien aurkako zibererasoak eta uharteari laguntzen dioten estatuen kontrako mehatxuak areagotuz.

AEBko Ordezkarien Ganberako presidente batek Taiwanera egiten duen aurreneko bisita da 1997tik. Azkena Newt Gingrich errepublikanoa izan zen.

Txinak uhartearen subiranotasuna aldarrikatu eta Taiwan probintzia matxinotzat du, Kuomintang alderdiko abertzaleak 1949an bertan gotortu zirenetik, komunisten aurkako gerra zibila galdu ondoren.

 

Pelosik Asiara bidaiatuko zuela iragarri zuenetik, tentsioa areagotu da AEBren eta Txinaren artean
Pelosik Asiara bidaiatuko zuela iragarri zuenetik, tentsioa areagotu da AEBren eta Txinaren artean
Pelosik Asiara bidaiatuko zuela iragarri zuenetik, tentsioa areagotu da AEBren eta Txinaren artean

01:17
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Eguneko albisteak Albisteak Taiwan-Txinako Herri Errepublika krisia