Mundua -
CIA-ren operazioa
AEBk Ayman al Zawahiri Al-Qaidako buruzagia hil du Afganistanen egindako operazio batean
Drone bidez egin zuten operazioa joan den igandean, Joe Biden AEBko presidenteak jakinarazi duenez.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) iragarri dutenez, igandean Ayman al Zawahiri Al-Qaidako liderra zena hil zuten Kabulen (Afganistan) drone bidez egindako operazio batean. Erakunde terroristako buruzagia zen Al Zawahiri 2011z geroztik, AEBk Osama bin Laden hil zuenean horren lekukoa hartu baitzuen.
Joe Biden AEBko presidenteak berak egin du iragarpena Etxe Zuriko balkoitik eskaini duen agerraldi batean. Bidenen hitzetan, Al Zawahiri erailda "justizia egin" dute eta mundua ez da "hiltzaile bihozgabe" horren beldur izan behar.
Operazioa igandean egin zuen CIAk. Duela hilabete batzuk Al Zawahiri Kabulgo etxebizitza batean (Afganistan) ezkutatuta zegoela jakin zuen AEBk, eta, ordutik, operazioa prestatzen ibili da. Afganistanen 06:18 zirenean (01:48 GMT; 03:48, Euskal Herrian) erail zuten, Al Zawahiri etxeko balkoira irten zenean. Drone bidez egin zuten operazioa, bi Hellfire misil jaurtita.
Etxe Zuriaren arabera, Al-Qaidako buruzagia bakarrik hil zuten, eta ez zen beste inor zauritu. Bidenek horretan jarri du azpimarra, eta operazioa egiteko bere baldintzetako bat zela aipatu.
AEBko presidenteak uztailaren 25ean eman zion baimena CIAri.
Al-Qaidako burua urte hasieran heldu omen zen Afganistango hiriburura familiarekin. Aurretik Pakistanen egondakoa zen, nonbait. Kabulgo etxebizitza batean bizi zen, eta ez zen bertatik ateratzen, balkoira ez bazen.
CIAren arabera, 70 urteko gizonezkoa "AEBko segurtasun nazionalarentzako, interesentzako eta herritarrentzako mehatxua zen oraindik".
Al Zawahirik 2011n hartu zuen Al-Qaidaren gidaritza, AEBk Osama bin Laden hil ostean. Aurrez, horren "bigarrena" izan zen, eta, Etxe Zuriaren arabera, irailaren 11ko atentatuen erantzuleetako bat.
Talibanek erasoa gaitzetsi dute
AEBk drone bidez egindako operazioa gaitzetsi du talibanen gobernuak, baina ez du Al Zawahiriren erailketa aipatu.
Talibanen aburuz, operazioak Dohako akordioa urratzen du. "Gobernuak irmo gaitzetsi du eraso hori, arrazoiak edozein direla ere, nazioarteko zuzenbidearen eta Dohako akordioaren urraketa garbia da", esan du Zabiullah Mujahid bozeramaileak ohar batean.
Talibanek eta AEBk 2020ko otsailean sinatu zuten Dohako akordioa. Horren arabera, AEBk tropak erretiratu zituen Afganistanetik, eta talibanek Kabulen kontrola hartu zuten.