Mundua -
KOSOVO-SERBIA
Kosovok dokumentu serbiarren debekua atzeratu egin du mugan tentsioa handitu ondoren
Kosovok ekainean jakinarazi zuen abuztutik aurrera ez zituela onartuko Serbiako nortasun agiriak eta matrikulak. Ondorioz, igande honetan tentsio berriak sortu dira mugako bi puntutan. Pristinak, 2008an, Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen, nahiz eta Belgradek aitortu ez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kosovoko Gobernuak hilabete batez, irailaren 1a arte, atzeratu du Serbiako dokumentazioen eta matrikulen debekua bere lurraldean, igande honetako gauean mugako bi puntutan izandako tentsio uneen ondoren.
Pristinak ekainean jakinarazi zuen abuztutik aurrera ez zituela bere lurraldean onartuko Serbiako nortasun agiriak eta matrikulak. Neurri horren arabera, Kosovon nortasun agiri serbiarren bidez sartzen direnek kosovar dokumentu bat jasoko dute, 90 egunez baliagarria izango dena.
Kosovok, 2008an, Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen, nahiz eta Belgradek aitortu ez izan. Kosovok Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasuneko gehiengoaren sostengua du, bost herrialderena izan ezik, horien artean, Espainia. Josep Borrell EBk Kanpo Politikarako duen goi-ordezkariak Kosovoren erabakia babestu du, eta bi aldeei elkarrizketarako deia egin die beren arteko aldeak ebazteko. Borrelek mugako blokeo guztiak "berehala kentzeko" eskatu du.
NATOk Kosovorentzat duen Indar militarrak (KFOR), bestalde, "esku hartzeko prest" dagoela jakinarazi du Kosovoren egonkortasuna arriskuan jartzen bada.