Mundua -
Akordioa Errusiarekin
Zerealez betetako lehen barkua atera da Odesako portutik
Errusiak eta Ukrainak uztailaren 22an erdietsitako akordioari jarraiki, 26.000 tona arto daramatzan kargaontzia Libanora bidean dago.
Agentziak | EITB MEDIA
Ukrainako Azpiegitura Ministerioaren arabera, goizean Odesako portutik (Ukraina) atera da zerealez betetako lehen itsasontzia.
Ukriform Ukrainako hedabideak Ministerioko iturriak jakinarazi duenez, kargaontziak Sierra Leonako bandera du eta Tripoliko (Libano) portura bidean dago.
Lehen informazio horien arabera, Ukrainako 26.000 tona arto daramatza.
Gerora, Turkiako Defentsa Ministerioak ere baieztatu du albistea. "Adostu dugunez, Razoni ontzia, Sierra Leonako banderarekin eta artoz beteta, abuztuaren 1ean, 08:30ean (05:30 GMT ordutegian) aterako da", irakur daiteke Defentsa Ministerioak zabaldutako oharrean. Vesselfinder eta MarineTraffic itsas jarraipenerako programetan ikus daitekeenez, ontzia ia ordubeteko atzerapenarekin atera da Odesako portuko kaitik, eta 07:00etan (09:00etan, Euskal Herrian) gainditu du portuko itsasargia.
Programon arabera, bihar, asteartearekin, iritsiko da ontzia Istanbulera (Turkia), 18:00etan (GMT).
Errusiak eta Ukrainak uztailaren 22an erdietsitako akordioaren harira abiatu da lehen itsasontzi hori. Turkia bitartekari izan zen itunean, eta bera izango da, Nazio Batuekin batera, operazioak seguruak direla egiaztatzeko arduraduna.
Akordioaren helburuak dira Ukrainako gerraren ondorioz bertako portuetatik atera ezinda zeuden milaka tona zereal desblokeatzea eta gerraren eraginez areagotu den gosetea apur bat arintzea.