Mundua -

Esportazioak

Ukrainak ziurtatu duenez, 17 ontzi zerealekin kargatu dituzte, eta horietako 10 itsasoratzeko prest daude

Zelenskik eta G7, Turkia eta NBEko ordezkariek zama-ontziak kargatzeko prozesua bertatik bertara jarraitu dute Odesako eta Chonomorskeko portuetan.

Ontzi bat zerealekin kargatuta, Odesako (Ukraina) portuan. Argazkia: EFE
Ontzi bat zerealekin kargatuta, Odesako (Ukraina) portuan. Argazkia: EFE
Ontzi bat zerealekin kargatuta, Odesako (Ukraina) portuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Azpiegitura Ministerioak ostiral honetan baieztatu duenez, 17 ontzi zerealekin kargatu dituzte dagoeneko, eta horietako 10 itsasoratzeko prest daude. Turkiaren eta Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin, Errusiak eta Ukrainak elikagaiak esportatzeko akordioa itxi zuten iragan astean.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta G7, Turkia eta NBEko ordezkariek zama-ontziak kargatzeko prozesua bertatik bertara jarraitu dute Odesako eta Chonomorskeko portuetan, Ministerioak Telegram sare sozialean zehaztu duenez.

Guztira, 17 zama-ontzi kargatu dituzte, horietako hamar itsasoratzeko prest daudelarik. Gerrak eztanda egin zuenetik Ukrainako portuetatik abiatuko diren lehen elikagaiak izango dira. Vladimir Putin presidenteak aginduta, Errusiak erasoa abiatu zuen otsaila amaieran.

Un carguero en el puerto de Odesa (Ucrania). Foto: EFE

Errusia, Ukraina, Turkia eta Nazio Batuen Erakundeak elikagaien ontziak Itsaso Beltza zeharkatzeko eta Bosforo itsasarteraino eramateko akordioa izenpetu zuten iragan astean. Hain zuzen ere, Turkian koordinazio zentro bat jarri dute martxan, hiru estatuetako eta NBEko ordezkarien parte-hartzearekin.

Minatutako uretan ontziak gidatzeko konpromisoa hartu zuen Ukrainak, eta Errusiak ontziak eta portuetako azpiegitura zehatzak jomugatzat ez hartzea agindu zuen.

Ukrainako agintariek emandako informazioaren arabera, gerrak eztanda egin zuenetik 20 milioi tona zereal baino gehiago esportatzeko zain dira portuetan.

Horri buruz, Itsaso Beltzeko Akordioak aplikatzea zail ikusten duela esan du Errusiaren ordezkariak NBEko Segurtasun Kontseiluan, mendebaldeko "armamentu astunak" portuetara heltzen jarraitzen duelako.

"Akordioen erabateko aplikazioa bultzatzea zaila da, armamentu astunak portuetara iristen jarraitzen baldin badu", adierazi du Dmitri Poliansky Errusiako enbaxadorearen ondokoak Segurtasun Kontseiluaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia NBE Eguneko albisteak Albisteak Turkia Merkataritza Errusia-Ukraina gerra