Mundua -
Gas-hornidura
Gazpromek are gehiago murriztu du gas fluxua, % 20raino, Nord Stream gasbidetik
Errusiako energia konpainiaren arabera, turbina batekin arazoak ditu, eta horregatik erabaki du murrizketa hori gauzatzea Alemaniarako gas horniduran; Europar Batasunak, baina, uste du arrazoi politikoengatik egiten duela, Ukrainako gerrarekin eta zigorrekin lotuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gazprom gas konpainia errusiarrak Nord Stream 1 gasbideko gas hornidura % 40tik % 20ra murriztu du asteazken honetan. Enpresaren arabera, turbina batekin arazoak ditu, eta horregatik erabaki du murrizketa hori gauzatzea Alemaniarako gas horniduran; Europar Batasunak, baina, uste du arrazoi politikoengatik egiten duela, Ukrainako gerrarekin eta zigorrekin lotuta.
Testuinguru horretan, konpainia energetikoak iragarrita zuen 33 milioi metro kubikora murriztuko zuela Alemaniara doan gas hornidura, turbina batekin dauden arazo teknikoak tarteko. Orain arte, Errusiak ohiko gasaren % 40 baino ez zuen hornitzen, Siemens turbinetako batekin arazoak baitzituen; turbina hori Kanadan blokeatuta egon zen Ukrainako Errusiako kanpaina militarreko zigorren ondorioz, eta, Errusiara itzultzeko bidean da.
Gainera, prozesua zaildu egin da Gazpromen eskakizunen ondorioz; izan ere, Gazpromek dioenez, Kanadak eta Alemaniak emandako dokumentazioak ez ditu ezabatzen zehapenekin lotutako arriskuak, eta "galdera gehigarriak sortzen zaizkie", bereziki, etorkizunean beste turbina batzuk konpontzearekin lotutakoak.
Ekainaren erdialdean, Gazpromek gas horniduraren ahalmena % 33ra murriztu zuen, eguneko 67 milioi metro kubikora arte, konponketak egiteko turbina bat gelditu behar zuelako, eta uztailean ponpaketa gelditu egin zuen "planifikatutako mantentze lanetarako".
Uztailaren 21ean amaitu zen hamar eguneko etenaldiaren ondoren, Nord Stream % 40ko edukierarekin hasi zen, eta, orain, erdira murriztu da.