Mundua -

ukrainako gerra

Odesako portuaren aurkako eraso bat salatu du Kievek, zerealak esportatzeko itxitako akordioaren ostean

Ukrainak Errusiari leporatu dio NBEri eta Turkiari "aurpegian txistua jaurti" izana Odesan egindako erasorekin, Ukrainako alea ustiatzeko akordioa sinatu eta egun bat beranduago. Errusiar autoritateek, bestalde, erasoan parte hartu izana ukatu dute.

Ukrainako zerealen esportaziorako lortutako akordioaren sinadura. Argazkia: EFE
Ukrainako zerealen esportaziorako lortutako akordioaren sinadura. Argazkia: EFE
Aste gutxi barru hasiko dira zereal esportazioak Ukrainako hiru portuetatik

01:24

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gobernuak Errusiari leporatu dio NBEri eta Turkiari "aurpegian txistua jaurti" izana, larunbat honetan Odesako portu komertzialaren aurka egindako erasoarekin. Izan ere, funtsezko gunea da alea esportatzeko, ostiral honetan Kiev eta Mosku artean Istanbulen lortutako akordioaren arabera.

Ukrainako Kanpo Ministerioko bozeramaile batek adierazi duenez, Errusiak "ardura osoa" hartu beharko du akordio hori apurtuz gero; Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia eta Recep Tayyip Erdogan turkiar presidentea ikuskatzaile dituena.

Aurretik ere, Odesako portu komertzialaren aurkako errusiar erasoaren berri eman zuten ukrainar autoritateek, Itsaso Beltzetik alea esportatzeko gakoa delarik.

"Etsaiak Kalibr gisako gurutzaldi-misilekin erasotu zuen portu komertziala. Bi misil eraitsi zituzten ukrainar defentsek, eta beste bik portuko azpiegitura kolpatu zuten", jakinarazi zuten Odesatik ukrainar iturriek.

Lehen adierazpen horretan jada gogorarazi zutenez, portu horren papera funtsezkoa da zerealen esportaziorako, baita ostiral honetan, Istanbulen, Errusiarekin batera zentzu horretan sinatutako akordioa ere. Turkiaren eta Nazio Batuen babesarekin, itsas-korridore bat aurreikusten du, Errusiak Itsaso Beltzeko ukrainar portuei egindako blokeoak eragindako elikadura-krisia arintzeko.

Hain zuzen, karga-ontziek hiru ukrainar portutatik esportatzea baimenduko du; Odesa, Pivdennyi eta Chornomorsk. Siloetan biltegiratutako 22 tona gari zein arto, eta bestelako zerealak esportatuko dituzte.

Zergatik da garrantzitsua zerealaren hitzarmena?
Zergatik da garrantzitsua zerealaren hitzarmena?
Zergatik da garrantzitsua zerealaren hitzarmena?

02:18

Bere aldetik, Hukusi Akar Turkiako Defentsa ministroak adierazi du errusiar autoritateek erasoa gauzatu izana ukatu dutela.

Dena dela, ministroak aitortu du gertakaria "kezkagarria" dela, Odesa eta herrialdeko beste bi portu alea esportatzeko eremu seguru bilakatzearen bermatzailea baita bere herrialdea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazi duenez, Errusiak "beti aurkitzen du bere hitza apurtzeko modua". "Berdin da Errusiak hitz ematen duena, beti aurkituko baitu ez betetzeko modua", adierazi du ukrainar liderrak, bideo bidezko mezu batean.

Bestalde, Josep Borrell Nazio Batuen (NBE) Kanpo Arazoetako ordezkari gorenak "irmotasunez" gaitzetsi du erasoa haren Twitter profilean, eta Mosku kritikatu du zereala esportatzeko helburu "erabakigarri" baten aurka egindako erasoagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ukraina albisteak Errusia NBE argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Turkia berriak Errusia-Ukraina gerra