Mundua -
Erresuma Batua
Rishi Sunak eta Liz Truss lehiatuko dira Boris Johnson ordezkatzeko
Sunak Komunen Ganberako parlamentari kontserbadoreen faboritoa da, 137 boto eskuratu baititu. Trussek, aldiz, 113 boz lortu ditu.
Agentziak | EiTB Media
Rishi Sunak Ekonomia ministro ohia eta Liz Truss Atzerri ministroa lehiatuko dira Alderdi Kontserbadoreko buruzagi eta lehen ministro izateko, diputatu toryen artean egindako azken bozketaren arabera.
Sunak Komunen Ganberako parlamentari kontserbadoreen faboritoa da, 137 boto eskuratu baititu. Trussek, aldiz, 113 boz lortu ditu, azken orduan Penny Mordaunt Merkataritza Politikako Estatu idazkaria gaindituz.
Bi finalistek posta bidezko bozketa dute orain aurretik. Alderdi Kontserbadoreko militanteek izango dute azken hitza. Irabazlea irailaren 5ean jakitera emango dute, udako oporraldi parlamentarioaren ostean.
Buruzagi berria izendatu eta hurrengo egunean, Johnsonek gobernuburu izateari utziko dio, eta Isabel II.a erreginak ordezkoa inbestituko du ekitaldi labur batean, Buckingham jauregian.
Abuztuan zehar, 42 urteko Sunak eta 46 urteko Truss militanteen botoa erakartzen saiatuko dira. Alderdi barruko inkestak Foreign Officeko buruzagiaren aldekoak dira.
Exchequerreko buruzagi ohiak uztailaren 5ean dimisioa eman zuen, lehentasun ekonomikoetan desadostasunak tarteko. Barne-hauteskundeak irabazten baldin baditu, Erresuma Batuko aurreneko lehen ministro beltz eta hindua izango litzateke.
Sajid Javid Osasun ministroak egun berean eman zuen dimisioa. Erabakiak barne-hauteskundeetan eragin dezake; izan ere, militante batzuek Boris Johnson gustuko dute oraindik. Johnsonek uztailaren 7an eman zuen dimisioa, talde parlamentarioaren konfiantza galdu ondotik.
Truss, ostera, atzerrian zegoen Gobernu krisiak eztanda egin zuenean, eta azken unera arte bere buruzagiaren ondoan egon zen. Horregatik, jarduneko ministro izaten jarraitzen du.