Gizartea -
Suteak
Bi sutek 7.650 hektarea baso erre dituzte Landetan, eta keak Nafarroako zenbait toki estali ditu
1.000 suhiltzaile baino gehiago ari dira lanean sua kontrolatzeko, ehun ibilgailu eta zazpi hidrohegazkinez lagunduta. 11.300 lagun inguru atera dituzte sute inguruetatik, eta, momentuz, kalte pertsonalik ez da.
O. P. | EITB Media
Asteartean piztu ziren bi suteetan, 7.650 hektarea baso erre dira ostiral eguerdira arte Landetako Parke Naturalean, Landetako eta Girondako departamentuen artean. Suteek kontrolik gabe jarraitzen dute, eta, guztira 11.300 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte. Sutearen ondorioz, keak Nafarroako zenbait toki estali ditu, Iruñerria, esaterako.
Akitania Berriko eta Girondako Prefeturak Twitterren adierazi dutenez, 13:00etan La Teste de Bucheko sutean, 3.150 hektarea zeuden kiskalita, eta Cazauxeko hiru etxe eta bi jatetxe ere suntsitu ditu.
Ostegun arratsaldean, Cazauxeko 4.000 biztanle ebakuatu zituzten, eta kostaldeko turismo-eremu garrantzitsua den Bassin d 'Arcachonetik, kanpinetatik batez, ere, beste 6.000 lagun baino gehiago atera zituzten.
Bigarren sutean, Landirasen, suak 4.500 hektarea hartu ditu gaurko 13:00ak arte, Prefekturaren arabera. Halaber, 1.300 pertsona inguru ebakuatu dituzte eremu horretatik, Origne, Balizac eta Louchats udalerrietakoak, besteak beste.
Dozena erdi errepide itxita daude Landiras eremu horretan.
Gobernuaren ordezkaritzak azpimarratu du egoerak "kontrakoa" izaten jarraitzen duela. Kalte materialez gain, halere, ez dago biktima pertsonalik.
Suteen inguruetara ez gerturatzeko eskatu dute, pertsonak arriskuan ez jartzeko. gainera, gogorarazi dute Gironda osoa alerta gorrian dagoela sute-arriskuagatik, (5eko eskalan 4ko mailan).
Urgentziazko 5 aterpetxe girotu dira eta 1.400 pertsona hartu ahal izango dira horietan. Momentuz 370 lagun dira haietan daudenak.
1.000 suhiltzaile baino gehiago ari dira lanean sua kontrolatzen saiatzeko, besteak beste, ehun bat ibilgailu eta zazpi hidrohegazkin erabilita.
Sute-arriskuagatiko alerta gorria
Agintariek alerta gorria ezarri dute sute-arriskuagatik bai Girondako departamenduan, bai Landetakoan. Ondorioz, baso-ingurunean motordun edo motorrik gabeko ibilgailuen zirkulazioa debekatu dute 14:00etatik 22:00etara, beren eginkizuna bete behar duten zerbitzu publikoetakoak izan ezik; halaber, debekatu egin dute ordutegi horretan mozketa, basogintza, ingeniaritza zibila, ikatza egitea edo zerratzea.
Debekatuta daude, gainera, jolas- eta kirol-jarduerak, aisialdi-zentroetan eta hondartza-planaren inguruan egiten direnak izan ezik.
Gainera, gogorarazi dute landa eremuetan debekatuta dagoela sua erabiltzea, erretzea eta poxpoloak, zigarro puntak edo hondakin goriak botatzea;baita hondakin berdeak erraustu eta kontrolatutako erreketak egitea ere; edo kanpaldi isolatua eta bibak egitea.
Debekatu egin da, halaber, piroteknia eta su artifizialak botatzea, uretan edo uretara jaurtitzen direnak izan ezik, batez ere, basoetan dauden Girondako udalerrietan, uztailaren 18ko 08:00ak arte.
Gironda alerta laranjan dago beroagatik, Frantziako hegoaldeko beste hamar departamenturekin batera; gaur, berriro, 35 gradutik gorako tenperaturak izan ditzake.