Mundua -
Erresuma Batua
Sunak gailendu da Johnsonen lekua hartzeko lehen bozketan
Rishi Sunak Ekonomia ministro ohia izan da bozkatuena Boris Johnsonen lehen ministro kargua hartzeko prozesuan egin den lehen bozketan. Hautagaietako bi lehiatik kanpo geratu dira, gutxieneko babesa eskuratu ez dutelako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Boris Johnson Alderdi Kontserbadoreko buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro karguetan ordezkatzeko barne prozesuaren lehen fasean Rishi Sunak Ekonomia ministro ohia izan da nagusi.
Guztira, zortzi hautagai aurkeztu dira. Gaur egin dute lehendabiziko bozketa eta hautagaietako bi -Jeremy Hunt Osasun ministro ohia eta Nadhim Zahawi Finantza ministro ohia- lehiatik kanpo geratu dira gutxieneko babesa -30 boto- eskuratu ez dutelako.
Sunakek 88 boto eskuratu ditu eta, oraingoz, bera da Johnson ordezkatzeko faborito nagusia. Alabaina, Penny Mordaunt Merkataritzako Estatu idazkariak 67 boto lortu ditu, eta, inkesten arabera, gora egiten ari da.
Bestalde, Liz Truss Atzerri Gaietarako ministroak 50 boto eskuratu ditu; Kemi Badenoch Berdintasun ministro ohiak, 40; Tom Tugendhat Komunen Ganberako Atzerri Gaietarako Batzordeko presidenteak, 37; eta Suella Braverman fiskal nagusiak, 32.
Ostegun honetan, bigarren bozketa egingo dute, eta, datorren astean, gehiago egon daitezke, bi finalista geratu arte.
Ondoren, bi hautagaiek Alderdi Kontserbadoreko afiliatuen babesa lortzeko kanpaina bat abiatuko dute, eta abuztuan egingo dute bozketa posta elektroniko bidez.
Irailaren 5ean ezagutuko dugu barne-hauteskundeen irabazlea, eta, beraz, alderdiko buruzagi eta Erresuma Batuko ministro berria.