Mundua -
Erresuma Batua
Irailaren 5ean jakingo da alderdi kontserbadore britainiarreko buruzagi berria nor izango den
Prozesua azkartzeko, barne-hauteskundeetarako arau berriak adostu dituzte, hala nola 20 diputatu toryren babesa izatea hautagaitza aurkeztu ahal izateko. Gainera, lehen bozketan 30 boto lortzen ez dituztenak kanporatuta geldituko dira. Asteazken eta ostegunean egingo dira lehen bozketak.
Agentziak | EITB Media
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak irailaren 5ean iragarriko du buruzagi berria eta lehen ministro izango dena, udako etenaldiaren osteko lehen saio parlamentarioan, Boris Johnsonen ordezkoa aukeratzeko barne-hauteskundeak egin ondoren. Azken horrek dimisioa iragarri zuen hilaren 7an, nahiz eta jarduneko gobernuburu izaten jarraitzen duen.
Haren ordezkoa lehenbailehen izendatzeko helburuz, talde parlamentario kontserbadorea biltzen duen 1922 Batzordea deiturikoak hauteskunde-arau berriak adostu ditu gaur bere zuzendaritza berritu ondoren.
Graham Brady buru duen Batzordeak erabaki du Johnsonen ordezko izateko hautagaiek gutxienez 20 diputatu toryren babesa beharko dutela, orain arte ez bezala; hautagaien kopurua murrizteko helburuz hartu dute neurria.
Era berean, exekutibo kontserbadoreak zehaztu du, gainera, hilaren 13ko lehenengo bozketan Komunen Ganberako 358 diputatu kontserbadoreetatik gutxienez 30 boto lortzen ez dituzten hautagaiak prozesutik kanpo geldituko direla.
1922 Batzordeak bi kanporaketa txanda egitea aurreikusten du aste honetan -asteazkenean eta ostegunean- eta, beharrezkoa balitz, datorren astean egingo lirateke beste batzuk. Asmoa da, hilaren 21ean hasiko den udako etenaldia baino lehen izatea bi finalisten izenak.
Hala, boto gehien jaso zituzten bi hautagaien artean postaz aukeratuko lukete irabazlea afiliatuek -200.000 afiliatu inguru, 2021eko datuen arabera- abuztuan hauteskunde-kanpaina bat egin ondoren.
Horrek esan nahi du Erresuma Batuko 67,2 milioi biztanleetatik % 0,30ek soilik aukeratuko dutela hurrengo lehen ministroa, irabazleak ez baditu behintzat hauteskunde orokor aurreratuak deitzen, laboristek eskatzen duten bezala. Gaur gaurkoz, 2024rako daude aurreikusita hauteskundeak.
Diputatu kontserbadoreen artean egindako kontaketa baten arabera, Rishi Sunak izango litzateke, 38 sostengurekin, Alderdi Kontserbadorea zuzentzeko faborito, eta Penny Mordaunt, bigarren 22rekin. Hirugarren postua Tom Tugendhatek izango luke, 19 diputaturen babesarekin; ondoren, Liz Truss (15), Nadhim Zahawi (14), Jeremy Hunt (13), Kemi Badenoch (13), Suella Braverman (11), Sajid Javid (10), Priti Patel (9), Grant Shapps (8) eta Rehman Chishti, momentuz, babesik ez lukeena.
Militanteen artean egindako galdeketa baten arabera, aldiz, Penny Mordaunt litzateke faboritoa, % 20ko babesarekin, eta, ondoren, Kemi Badenoch (% 19), Rishi Sunak (% 12), Suella Braveman (% 10) eta Liz Truss (% 10). Dena dela, militanteek ez dute aukeratzeko ahalmenik azken txandara arte.