Mundua -
'Uber Files'
Legeak urratuta eta agintari politikoak erosita sartu zen Uber munduko hiriburuetan
Ikerketa batek argitara atera du Uberrek legez kanpoko bitartekoak erabili zituela bere garraio-zerbitzua munduko hiri ezberdinetan zabaltzeko. Travis Kalanick konpainia estatubatuarraren sortzaileetako batek ondokoa adierazi zuen: "Piraten antzera jarduten dugu eta erabat ilegalak gara".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Legeak urratuz, engainuaren bidez eta agintari politikoak erosiz lortu zuen Uber enpresa estatubatuarrak -170 lizentzia ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan- munduko hirietan sartzea, Nazioarteko Ikerkuntza Kazetaritzaren Partzuergoak zabaldu duenez.
124.000 dokumentu baino gehiago eskuratu dituzte, 2013tik 2017ra bitartekoak, eta, besteak beste, Travis Kalanick enpresaren sortzailetako batek bere zuzendaritzako kideekin izandako hainbat elkarrizketa argitaratu dituzte.
Komunikazio horietako batean, zuzendaritzako kide batek aitortzen du "piraten antzera" jarduten dutela eta "erabat ilegalak" direla.
The Guardian egunkari britainiarrak eman du ikerketaren berri eta informazioa 29 herrialdetako 180 kazetarirekin partekatu du.
Uberrek ohar batean adierazi du ez duela aitzakiarik jarriko, baina zehaztu du iraganeko kontuak direla eta egun konpainiaren baloreak beste batzuk direla. "Azken bost urteotan egin duguna eta datozen urteotan egingo duguna epaitzeko eskatzen dugu", erantsi du.
Edonola ere, dokumentuak oso adierazgarriak dira. Artxibo horietako batek erakusten du Emmanuel Macronek -garai hartan Frantziako Ekonomia ministroa zen- sekretupeko akordioa egin zuela Uberrekin Frantzian negozioa egiteko aukera irekiz. Hala, enpresa horretako zuzendariak Frantziako goi-karguekin harremanetan jarri zituen.
Beste politikari batzuk, baina, kontrako jarrera izan zuten. Olaf Scholz kantziler alemaniarrak gidari pribatuei soldatak igotzea eskatu zuen Hanburgoko alkatea zenean. "Pailazo bat da", adierazi zuten Uberreko arduradunek.
Joe Bidenen kontra ere agertu zen Kalanick, Davoseko Munduko Ekonomia Foroan egin behar zuten bilera baten atarian. "Esan iezaiozue zenbat eta beranduago iritsi, denbora gutxiago izango duela nirekin egoteko". Orduan Biden Barack Obamaren presidenteordea zen eta Uberren aldekoa zen.
Indarkeria eragin zuten taxilarien protestatan
Uberrek influentzia-trafikoa erabili zuen munduko hiri guztietan bere garraio-zerbitzua eskaini ahal izateko, taxi zerbitzu tradizionalaren kaltetan. Agintari politikoak eta intereseko beste hainbat eragile erosten zituzten, eta horrekin nahikoa ez balitz, liskarrak eta indarkeria baliatzen zituzten beren negozioa zabaltzeko.
"Negozioaren beste parte bat da. Besarkatu kaosa. Zerbait garrantzitsua egiten ari zara", adierazi du zuen Kalanickek Indian sartu zirenean.
Belgikan, Espainian, Italian edota Frantzian taxilariek protesta handiak burutu zituzten Uberren aurka. Parisen, adibidez, konpainia estatubatuarrak kontramanifestazioak egiteko eta desobedientzia zibileko ekintzak antolatzeko dei egin zien bere gidariei.
Taxilariek deitutako manifestazioetara eskuin muturreko jendea bidaltzea eta liskarrak eragitea egotzi zioten Kalanicki, eta honek ez du halakorik ukatu. Alderantziz, "pena merezi" duela adierazi zuen.
"Indarkeriak arrakasta bermatzen du eta tipo hauei aurre egin behar zaie", azpimarratu zuen. Halaber, beste dokumentu batean aipatzen dute Uberreko gidariak "arma gisa erabili" behar direla eta taxilarien aldetik jasotako balizko erasoak beraien interesen mesedetan baliatu behar direla.
Estrategia hori, besteak beste, Italian, Belgikan, Espainian eta Suitzan erabili zuten. 2015ean, Amsterdamen, adibidez, Uberreko gidariei mailuekin egin zieten eraso burua estalitako hainbat lagunek. Erasotzaileak taxilariak zirela zabaldu zuten eta, azkenean, enpresak hiri horretan jarduteko baimena lortu zuen.
Gauzak horrela, Uberreko langileei Poliziaren aurrean erasoak salatzeko dei egin zieten. "Bihar egunkarietako azaletan agertuko gara. Egun batzuk gehiagoz indarkeriaren diskurtsoari eutsi behar diogu", idatzi zuten ohar batean.
"Herrialde askotan ez gara legezkoak. Adierazpen polemikoak saihestu behar ditugu", aitortu zuen zuzendaritzako kide batek. "Ofizialki, pirata batzuk gara", erantsi zuen beste batek.