Mundua -

Profila

Shinzo Abe, Japoniako tradizionalismo kontserbadorearen adierazgarri nagusietako bat

Abek bi agintaldi eman zituen lehen ministro gisa, karguan urterik gehien pasa dituen agintaria bihurtuz. 2020an kargua utzi zuen.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE
Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE
Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohiaren hilketarekin, korronte kontserbadore tradizionalistak adierazgarri nagusietako bat galdu du. Herrialdearen politika ekonomiko eta militarra eraldatu zuen, liberalizazioaren aldeko esfortzu eta gerraondoko bakezaletasunetik aldentzeko saiakera batekin.

Abek bi agintaldi eman zituen lehen ministro gisa, karguan urterik gehien pasa dituen agintaria bihurtuz. 2020an kargua utzi zuen, kolitis ultzerosoak jota, argudiatu zuenez, nerabezarotik zuen osasun arazoa.

Junichiro Koizumi aurrekoaren tonu apurtzailean eta Nobusuke Kishi aitona eta lehen ministro ohiaren (1957-1960) printzipioetan oinarrituz, Abe 1982an hasi zen politikan, Shintaro aitaren aholkulari bezala; eta bertatik mailak igotzen joan zen, mehatxu existentzialen inguruko mezuei esker. Aberen ustez, Txina edo Ipar Korea Japoniarentzako mehatxu nagusiak ziren.

Foto: EFE

Yasukuni eta autodefentsa kolektiborako eskubidea

Yasukuni gerra santutegira 2013an egindako bisitan, Aberen jarrera agerian geratu zen. Txinarentzako eta bi Koreentzako Japoniaren iragan inperialaren ikurra da tokia.

Yasukunin egindako agerraldia, bi urte geroago gertatu beharrekoaren atarikoa izan zen: autodefentsa kolektiborako eskubidea lortzeko adierazpena aurkeztu zuen, hau da, Japoniari atzerrian tropak zabaltzeko gaitasuna ematea, eraso batean aurrean herrialdea eta haren aliatuak defendatzeko helburuarekin.

Hala ere, eskubidea Japoniako Konstituzioan jasotzeko orduan porrot egin zuen, eta gaiak zatiketa sortzen jarraitzen du herrialdean.

Taiwango aliatua eta Trumpen laguna

Arlo militarrean bezala, politika ekonomikoak ere ez zituen xedeak bete.

Bi urteko hazkundearen ostean, 2020ko udaberrian herrialdea atzeraldian sartu zen berriro, koronabirus pandemiaren aurreneko hilabeteetan zehar. Hala ere, Abek Japoniaren nazioarteko jarrera finkatzeko aprobetxatu zuen, Taiwanen aliatu zintzo gisa agertuz. Milioika txerto erraztu zizkion herrialdeari, nahiz eta Txinak uhartearen gaineko subiranotasuna aldarrikatu.

Bestalde, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen laguna izan zen. AEBko buruzagiarekin bildu zen atzerriko lehen agintaria izan zen, 2016ko hauteskundeetan garaipena lortu ondoren, eta 2019an, Trumpek Japonia bisitatu zuenean, alfonbra gorria jarri zion.

Gaixotasunak, eskandaluek (bere Justizia ministro ohiaren atxiloketa) eragindako gainbeherak eta pandemiaren lehendabiziko hilabeteetako kudeaketari egindako kritikek dimisioa ematera bultzatu zuten, 2020ko abuztuan. Horrela, ezin izan zuen bere ametsa bete, Joko Olinpikoen inaugurazio ekitaldian parte hartzea, alegia. Hala ere, arduradunek zeremonia 2021era atzeratu behar izan zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Japonia Eguneko albisteak Albisteak Hego Korea Ipar Korea