Mundua -
NATO-ren goi-bilera
Suedia eta Finlandia NATOn sartzea ahalbidetuko du Turkiak
Turkiako, Suediako eta Finlandiako agintariek bilera bat egin dute astearte honetan Madrilen eta, ezustean, akordio batera iritsi dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Turkiak ez du betorik jarriko eta Suedia eta Finlandia NATOn sartzea ahalbidetuko du. Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarra, Magdalena Andersson lehen ministro suediarra eta Sauli Niinisto presidente finlandiarra arratsalde honetan bildu dira Madrilen eta, ezustean akordio batera iritsi dira.
Batzarrean Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ere parte hartu du.
Orain arte Turkiak Finlandia eta Suedia NATOn sartzea blokeatu du, besteak beste, Kurdistango Langileen Alderdia eta miliziak babesten dituztela argudiatuta.
Alabaina, Stoltenbergek azaldu duenez, hiru herrialdeek sinatutako akordioan kontuan hartu dituzte "Ankararen kezkak", tartean "armen esportazioari eta terrorismoaren aurkako borrokari lotutakoak".
"NATOko aliatu gisa, Finlandiak eta Suediak konpromisoa hartu dute Turkiaren segurtasun nazionala babesteko", erantsi du.
Horrela, bada, Stoltenbergek iragarri du bi herrialde horiek euren legediak aldatuko dituztela Kurdistango Langileen Alderdiaren eta Turkian jarduten duten milizia kurduen kontrako "neurri irmoak" ezartzeko. Halaber, estradizioei buruz hitz egiteko prest agertu dira.
Gaurko itunaren ondotik, Aliantza Atlantiarreko buruzagiek NATOn sartzera gonbidatuko dituzte Finlandia eta Suedia. Madrileko goi-bileraren ostean hautagai-estatusa izango dute, baina prozesua ez da erabat gauzatuko 30 herrialde aliatuek beren oniritzia eman arte.