Mundua -
Erreferenduma Eskozian
2023ko urriaren 19a proposatu du Eskoziak beste independentzia erreferendum bat egiteko
Nicola Sturgeonek Boris Johnson lehen ministro britainiarrari onespen formala eskatuko dio, aurrera egiteko asmoa izan arren haren baimenik gabe ere. Eskoziarren gehiengoak arbuiatu zuen Brexitak bigarren galdeketa justifikatzen du, Sturgeonen ustez.
Agentziak | EITB Media
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak 2023ko urriaren 19a proposatu du independentziaren inguruko beste erreferendum bat egiteko.
Sturgeonek Holyroodeko Parlamentuko kideen aurrean azaldu du, Edinburgon, kontsulta berrian egingo den galdera 2014ko erreferendumeko bera izango dela: 'Eskoziak herrialde independentea izan behar al du?'.
Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) buruak azaldu duenez, Boris Johnson lehen ministro britainiarrari zuzenduko zaio hautatutako dataren berri eman eta haren onespen formala lortzeko. Edonola ere, ordea, Londresen baimenarekin edo hura gabe, aurrera egitea da asmoa.
Halere, duela pare bat aste Londrestik banantzeko abiatutako 'Independentzia mundu modernoan' kanpainaren baitan esan zuenaren haritik, esan du erreferendumak legezkoa izan behar duela eta, horregatik, Auzitegi Gorenera ere joko duela, haren iritzia ezagutzeko.
Auzitegi Gorenak oniritzirik emango ez balu, Sturgeonek azpimarratu du Erresuma Batuko hurrengo hauteskunde orokorrak "de facto erreferendum" gisakoak izango direla.
5,5 milioi biztanleko herrialdea da Eskozia, eta orain zortzi urte egindako galdeketan, boto-emaileen % 55,3k independentziaren kontra bozkatu zuten. Ordutik, agertokia asko aldatu dela uste du bertako Gobernuak, eta Brexitari eskoziarren gehiengoak ezetz esan ziola ekarri du gogora. Hala, bigarren erreferenduma egitea justifikatuta dagoela azaldu du.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta haren alderdia —Alderdi Kontserbadorea— bigarren galdeketa egitearen kontra agertu izan dira beti, auzi hori 2014an argitu zela arrazoituta.