Mundua -

ESTATU BATUAK

AEBko bederatzi estatuk debekatu dute abortua, Gorenaren erabakitik ordu gutxira

Alabama, Arkansas, Kentucky, Luisiana, Misuri, Oklahoma, Hego Dakota, Utah eta Wisconsin dira abortua debekatu dute estatuak. Guztira, 23 estatuk har dezakete bide hori. Aitzitik, beste 17k abortu eskubidea errespetatako dutela defendatu dute.

Abortua debekatu duten edo hori egitea aurreikusten duten estatuak erakusten duen mapa.
Abortua debekatu duten edo hori egitea aurreikusten duten estatuak erakusten duen mapa.
Abortua debekatu duten edo hori egitea aurreikusten duten estatuak erakusten duen mapa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako 50 estatuetatik bederatzik debekatu egin dute haurdunaldia etetea ostiral honetan bertan, Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidearen babesa baliogabetu ondoren. 1973tik zegoen indarrean AEBn abortatzeko eskubidea baina orain, arazo handiak izango dira hainbat estatutan, ezinezkoa ez bada.

Bederatzi estatuk debekatu dute abortua: Alabamak, Arkansasek, Kentuckyk, Louisianak, Missourik, Oklahomak, Hego Dakotak, Utahk eta Wisconsinek.

Aurrez onartuak zituzten abortua debekatzeko legeak, eta Auzitegi Gorenaren erabakia argitaratu bezain laster sartu dira horiek indarrean.

AEBko ugalketa-osasunerako klinika sare handiena duen Planned Parenthood erakundeak eta ugalketa-eskubideak ikertzen dituen Guttmacher Institutuak ohartarazi dutenez, guztira 23 estatuk debekatu dezakete hemendik gutxira abortua.

Arkansas, Idaho, Mississippi, Missouri, Ipar Dakota, Oklahoma, Tennessee, Texas, Utah eta Wyoming estatuek AEBko Auzitegi Gorenaren epaia atera aurretik onartu zituzten haurdunaldia etetea debekatzen zuten legeak, Gorenaren epaia aterateko zela jakinda, laster indarrean jartzeko helburuarekin.

Idaho, Tennnessee eta Texasen kasuan, haurdunaldia eteteko debekua 30 egun barru sartuko da indarrean.

Beste estatu batzuek, Arizonak, Georgiak, Iowak eta Michiganek kasu, laster jarriko dituzte murrizketak indarrean.

Kontrako aldean, 16 estatuk (Kalifornia, Colorado, Connecticut, Delaware, Hawai, Illinois, Maine, Maryland, Massachusetts, Nevada, New Jersey, New York, Oregon, Vermont, Rhode Island eta Washington) eta Columbiako barrutiak abortatzeko eskubidea babesten duten legeak jarri dituzte indarrean eta ildo berean ,Pennsylvaniako gobernadoreak adierazi du emakumeak "seguru" daudela eta haurdunaldia eteteko zerbitzuak mantendu egingo direla.

Nabarmentzekoa da Massachusetts eta Vermont errepublikarrek gobernatzen dituztela. Euren alderdia abortuaren kontra badago ere, Charlie Bakerrek eta Phil Scottek esan dute ez daudela ados Auzitegi Gorenaren erabakiarekin eta abortatzeko eskubidea defendatuko dutela beren estatuetan.

Planned Parenthoodeko bozeramaile Alejandra Sotok Radio Euskadin egindako elkarrizketan salatu duenez, AEBko Auzitegi Gorenaren erabakiarekin ugaritu egingo dira "pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan jartzen duten abortu klandestinoak". Erabakia "suntsitzailea" dela esan du, pertsona zaurgarrientzat, batez ere: "Komunitate beltzak, latinoak eta indigenak, ezintasunak dituzten pertsonak, landa-eremuetan bizi direnak, gazteak, etorkinak eta finantza-zailtasunak dituztenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden