Mundua -

Estatu Batuak

Manifestazio jendetsuak izan dira AEBn, abortu-eskubidearen babes federala baliogabetzearen kontra

Protesta handienetariko bat Washingtonen izan da, Gorenaren egoitza parean. Bertan bildutakoek orduak eman dituzte "Nire gorputza, nire erabakia" eta "Auzitegia abortatu dezagun" bezalako leloak oihukatzen. Litekeena da AEBko 26 bat estatutan aborturako eskubidea murriztea nahiz debekatzea.

Abortu librearen aldeko manifestazioa Washingtonen. Argazkia: EFE
Abortu librearen aldeko manifestazioa Washingtonen. Argazkia: EFE
Ugaritu egin dira abortu librearen aldeko protestak, Estatu Batuetako 70 hiri ezberdinetan

02:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abortu-eskubiderako babes federala bertan behera utzi duen Auzitegi Gorenaren epaiaren kontrako protesta ugari izan dira AEBko hiri nagusienetan. Epai horren ondorioz, litekeena da AEBko 26 bat estatutan aborturako eskubidea murriztea nahiz debekatzea.

Protesta handienetariko bat Washingtonen izan da, Auzitegi Gorenaren egoitza parean. Ehunka lagun bildu dira bertan eta orduak eman dituzte "Nire gorputza, nire erabakia" eta "Auzitegia abortatu dezagun" bezalako leloak oihukatzen. CNN telebista-katearen arabera, horrelako leloak izan dira entzungai AEBko 70 bat udalerritan.

Kalera, Gorenaren epaiaren kontra

Ugaltze-osasunerako ospitaleen AEBko sarerik handiena kudeatzen duen Planned Parenthood elkarteak antolatu ditu protestetako batzuk; beste asko, ordea, berez sortutako manifestazioak izan dira, Gorenaren epaiak sortutako haserreak bultzatuta.  

AEBko hiri nagusietan bereziki jendetza batu da, esaterako, New Yorkeko Washington Square Park plazan. Los Angelesen, Kalifornian, berriz, manifestariek hiri erdigunearen trafikoa blokeatu dute; Filadelfian (Pensilvania) Udaletxearen aurrean manifestatu dira; eta Austinen (Texas) gorte federalaren egoitzaren aurrean egin dute protesta. Atlantan (Georgia) bi manifestazio egin dituzte, eta horren bukaeran batu dira Estatuaren Parlamentuaren aurrean.

Manifestazio gehienak baketsuak izan dira. Dena dela, Phoenixen (Arizona) Poliziak esku hartu behar izan du, Parlamentuaren aurrean bildutako jendea eraikinaren leihoak kolpatzen hasi delako. Barruan zeuden senatariek bertan behera utzi behar izan dute saioa, eta Poliziak manifestariak sakabanatu ditu, gas negar-eragile erabilita.  

Abortu librearen azkena

Auzitegi Gorenaren epaiak nahasketa eragin du, eta Estatu batzuetako ospitaleek, Arizonakoek esaterako, abortuak egiteari utzi diote, zigor-penalen beldur direlako.

Abortua legez kanpokoa da dagoeneko bederatzi estatutan (Alabama, Arkansas, Kentucky, Luisiana, Misuri, Oklahoma, Dakota del Sur, Utah eta Wisconsin), Gorenaren epaia heldu baino lehen, abortua debekatzeko legeak onartu zituztelako.

Planned Parenthood elkarteak salatu duenez, litekeena da AEBko 26 bat estatutan aborturako eskubidea murriztea nahiz debekatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak