Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
AEBko Auzitegi Gorenak abortu eskubidea babesik gabe utzi du
Erabakiak aldeko sei boto eta kontrako hiru izan ditu. Hala ere, alde bozkatu duen epaileetako batek iritzi bereizia eman du. Goreneko hiru epaile aurrerakoiek, espero bezala, kontrako botoa eman dute.
Agentziak | EiTB Media
Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak abortu eskubidearen babesa baliogabetu du gaur. Ondorioz, estatu bakoitzak erabakiko du abortua debekatu ala ez aurrerantzean. Babesa 1973tik indarrean zegoen.
Ebazpenaren arabera, Konstituzioak "ez du eskubidea aitortzen", eta abortuaren inguruan legeztatzeko boterea "herriari" eta haren "ordezkari hautetsiei" itzultzen die.
Duela 49 urte plazaratutako Roe versus Wade epaia eta 1992ko Planned Parenthood versus Casey ebazpena atzera bota ditu gaurko sententziak. Lehenengoak abortu eskubidea babesten zuen herrialde osoan, eta bigarrenak babesa berretsi zuen, nahiz eta estatuei abortu prozedurak arautzeko aukera eman.
"Konstituzioa obeditzeko eta abortuaren gaia herritarren ordezkari hautetsien esku uzteko garaia da", adierazi du literalki Samuel Alito epaileak idatzitako ebazpenean. Honenbestez, maiatzean komunikabideei filtratutako zirriborroan agertzen zen esaldi bera erabili du.
Erabakiak aldeko sei boto eta kontrako hiru izan ditu. Hala ere, alde bozkatu duen epaileetako batek iritzi bereizia eman du.
Aldeko botoa eman dutenek abortua eskubide konstituzionala ez dela uste dute, ezta estatubatuarren "historiak edo tradizioak" babestutako eskubidea ere.
Gainera, Roe versus Wade epai "iraingarriak" Konstituzioaren aurka "talka" egiten zuela azaldu du sententziak. Planned Parenthood versus Casey ebazpenak hanka-sartze berdinak "betikotzen" zituela erantsi du.
Goreneko hiru epaile aurrerakoiek, aldiz, espero bezala, kontrako botoa eman dute.
"Epaimahaiarentzako atsekabez, baina batez ere milioika emakume estatubatuarrentzako, oinarrizko eskubide konstituzional bat galdu dutelako, ez gaude ados", esan dute Stephen Breyerrek, Sonia Sotomayorrek eta Elena Kaganek adierazpen bateratu batean.
Gaurko ebazpenarekin, estatuek abortua guztiz debekatu dezakete, horrela erabakiz gero. Litekeena da, Ameriketako Estatu Batuak bitan zatitzea, batzuetan posible izango baita abortua praktikatzea, baina beste estatu batzuek guztiz debekatuko dute.
Ebazpena emakumeentzako "iraina" eta "belarrondokoa" dela esan du Nancy Pelosi buruzagi demokratak. "Erabaki krudela, eskandalua eta erdiragarria da", adierazi du Pelosik prentsaurrekoan, Kapitolioan.
Pelosik azpimarratu duenez, "emakume, ama eta amona gisa", gazteek aurrekoek baino eskubide gutxiago izatea oso tristea da.
Azaroan hauteskunde legegileak daudela gogorarazi du buruzagi demokratak, eta aborturako askatasuna "boto-txartelean izango" dela erantsi du.
Demokratek gehiengo estua dute Senatuan. Ondorioz, edozein proposamen aurrera atera ahal izateko errepublikanoen 10 boto behar dituzte.