Mundua -
EKUADOR
12 egun igaro dira Ekuadorren indigenen protestak hasi zirenetik, eta aldeek hitz egin gabe jarraitzen dute
Ekuadorko Gobernuak salbuespen egoera ezarri du eta, hain justu, hori indargabetzea eskatzen dute komunitate indigenek elkarrizketari ekiteko. Mobilizazioetan, gutxienez lau pertsona hil dira.
EITB MEDIA
Ekuadorren giroa gaiztotzen ari da. Duela 12 egun, ekainaren 13an, hasi ziren bizitzaren garestitzearen aurkako protesta jendetsuak, eta gatazkak luze joko duela dirudi. Momentuz, ez dago elkarrizketa biderik zabalik deitzaileen eta Guillermo Laso presidentearen artean.
Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa (CONAIE) eta beste gizarte-erakunde batzuk dira gobernuaren aurkako mobilizazioen buru, eta hauek dira beren eskaera nagusiak: erregaien prezioak murriztea eta izoztea, funtsezko produktuen prezioak kontrolatzea, Estatuko enpresak ez pribatizatzea, eta Amazonian petrolioa eta meatzeak ustiatzeko baimenak ez luzatzea.
Boteretik kendu nahi dutela salatu du Guillermo Lasso presidenteak, eta mobilizazioei erantzunez salbuespen egoera ezarri du hainbat probintziatan, Quito hiriburua barne. Era berean, elkarrizketa prozesu bat irekitzeko deia egin du, baina uko egin dio salbuespen egoera indargabetzeari. Hori da, hain zuzen ere, komunitate indigenen baldintzetako bat negoziazioekin hasteko.
Negoziazioak
Leonidas Iza Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioko presidenteak salbuespen egoera bertan behera uzteko eskatu du, Gobernuaren eta indigenen arteko elkarrizketari berriro ekiteko baldintza gisa.
Halaber, Quitoko El Arbolito parketik Polizia erretiratzea exijitu du. 2019an, plaza hori izan zen protesten erdigunea, eta orain hor elkartu nahi dute beren eskaeren inguruan eztabaidatzeko.
Bestalde, Izak agintariei erantzun die ez dutela loturatik narkotrafikoarekin.
Virgilio Saquicela Ekuadorko Asanblea Nazionaleko presidentea Leonidas Izarekin elkartzeko prest agertu da azken orduetan.
Saquicelaren esanetan, manifestazioen buruzagiekin biltzea "ezinbestekoa" da eta "manifestarien aurkako errepresioak saihesteko" konpromisoa hartu du.
Lau pertsona hil dira
Ekainaren 13an geldialdi nazionala hasi zenetik, gutxienez lau pertsona hil dira, Giza Eskubideen aldeko Erakundeen Aliantzak egindako balantzearen arabera.
Manifestari bat mendi hegal batetik behera erorita hil zen. Antza denez, negarra eragiteko gasa jaurtitzen ari zen Polizia talde batetik ihes egin nahian ari zen.
Puyon, Amazoniako Pastaza probintziako hiriburuan, gazte bat hil zen, bonba negar-eragile baten ondorioz, indigenen arabera, eta lehergaiak manipulatzeagatik Poliziaren esanetan.
Hirugarren pertsona bat, Henry Quezada, 39 urtekoa, perdigoiek eragindako zaurien ondorioz hil zen Quiton.
Halaber, Caspigasi komunako pertsona bat hil da militarrek jaurtitako bala batek harrapatuta.