Mundua -
Kolonbiako hauteskundeak
Gustavo Petrok irabazi ditu hauteskundeak, eta ezkerrak zuzenduko du Kolonbia lehen aldiz
Ezkerreko hautagaiak 700.000 botoko aldea atera dio Rodolfo Hernandez populistari presidentetza hauteskundeen bigarren itzulian.
Agentziak | EITB MEDIA
Ezkerrak garaipen historikoa lortu du igande honetan Kolonbiako presidentetza hauteskundeetako bigarren itzulian, eta, historian lehen aldiz, herrialdea zuzenduko du. Gustavo Petro ezkerreko hautagaiak 700.601 botoko aldea atera dio Rodolfo Hernandez populistari, botoen % 100 zenbatuta dagoela.
Itun Historikoa koalizioko buruzagiak babesen % 50,44 jaso du, eta Hernandez Ustelkeriaren Kontrako Agintarien Ligako hautagaiak, botoen % 47,31.
Parte hartzea inoizko handiena izan da, hots, % 58,09koa, eta, hortaz, abstentzioa mende honetako txikiena (% 41,91). Guztira, hauteskunde erroldan izena emandako 39.002.239 kolonbiarretatik 22.658.694k eman dute botoa.
Garaipena baieztatu osteko lehen agerraldian, benetako aldaketa agindu du presidente hautatuak. "Benetako aldaketa datorkigu, eta konpromiso hori betetzeko gure existentzia eta gure bizia emango dugu. Ez diegu boto emaile horiei traiziorik egingo. Herri honek deiadar egin du gaur Kolonbia aldatuko dela gaurtik aurrera, Kolonbia beste bat dela", adierazi du.
Azaldu duenez, Gobernua "baketik eta gizarte eta ingurugiro justiziatik" zuzenduko du. Kolonbiako presidente berriaren hitzetan, bakea du helburu nagusi eta "itun nazional handi baten" alde egin du. "Rodolfo Hernandezi botoa eman diotenak ere ongietorriak dira Gobernu horretan. Ez dugu boterea erabiliko arerioa suntsitzeko".
Presidenteordeak "gixajoen gobernua" ospatu du
Francia Marquez Kolonbiako presidenteorde hautatuaren kargua betetzen duen lehen emakume beltza izango da. Pozarren agertu da, historian lehen aldiz, "gobernu herritar bat, gixajoen gobernu bat", egongo delako Kolonbian. "Nazioa adiskidetzeko pauso garrantzitsua izango da", erantsi du.
"Goazen anai-arrebok nazio hau berriro adiskidetzera, egin dezagun bakearen alde irmo, beldur barik, maitasunarekin eta poztasunarekin, duintasunez, eta justizia sozialaren alde", aldarrikatu du Marquezek.
Rodolfo Hernandez hautagai populistak porrota onartu du eta adierazi du espero duela Petrok herrialdea zuzentzen asmatzea.
Orain arte Kolonbiako presidentea izan den Ivan Duquek ere Gustavo Petro zoriondu du. "Gustavo Petrori deitu diot zoriontzeko. Datozen egunetan biltzea adostu dugu trantsizio harmoniko, instituzional eta garden bat abiatzeko", esan du Duquek Twiterren duen kontuan.
Petrok abuztuaren 7an hartuko du presidente kargua.