Mundua -

Frantziako hauteskundeak

Ezkerraren gorakadak kolokan jar lezake Macronen gehiengo osoa

Berdinketa teknikoa izan dute presidentearen aldeko blokeak eta koalizio ezkertiarrak Frantziako legegintzarako hauteskundeen lehen itzulian. Abstentzioa historikoa izan da, % 52,8koa.

Hauteskunde kanpainako kartel bat. Argazkia: EFE
Hauteskunde kanpainako kartel bat. Argazkia: EFE
Lehen itzulian garaipen estua lortu duen arren, aurreikuspen onak dira Macronentzat

1:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma guztiak piztu dira Eliseoan igande honetan, Frantziako legegintzarako hauteskundeetako lehen itzuliaren ostean. Izan ere, Emmanuel Macron presidentearen aldeko blokeak eta Jean-Luc Melenchon buru duen koalizio ezkertiarrak berdinketa teknikoa izan dute, eta horrek kolokan jar lezake agintariak Asanblea Nazionalean duen gehiengo osoa.

Frantziako Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Macron presidentearen aldeko blokeak bozen % 25,75 eskuratu ditu, eta Nupes koalizio ezkertiarrak, aldiz, % 25,6.

Emaitza ofizialen arabera, 21.442 botoren aldea baino ez dago bi koalizioen artean.

Abstentzioa historikoa izan da, % 52,8koa.

Macronen aldeko blokearen eta Jean-Luc Melenchonen aliantzaren atzetik gelditu dira Marine Le Pen ultraeskuindarra, orain arte Parlamentuan bigarren indarra izan den Errepublikanoak alderdia eta Eric Zemmour ultraeskuindarraren alderdia.

Eserlekuen banaketari dagokionez eta lehen proiekzioen arabera, Macronen alderdiak 255 eta 310 diputatu artean lortuko lituzke. Orain arte 350 zituen.

Melenchonek sortutako koalizio ezkertiarrak 150 eta 210 eserleku artean eskuratuko lituzke. 2017an, 58 izan zituen.

Orain arte bigarren indarra zenak, Errepublikanoak alderdi kontserbadoreak, diputatuen erdiak gal litzake, eta 112 izatetik, 50-80 izatera pasatuko litzateke.

Marine Le Pen ultraeskuindarraren alderdiak botoen % 20 inguru jaso ditu, eta 10 eta 45 diputatu artean izan litzake.

Porrot handienetakoa Eric Zemmour ultraeskuindarrak izan du. Bere barrutian ez da hurrengo itzulira pasatu, eta baliteke horren alderdia ordezkaritza gabe geratzea Behe Ganberan.

Duela bi hilabete presidenterako hauteskundeetan garaipen erosoa lortu eta gero, Macronen proiektua ahuldu egin da legegintzarako bozen lehen itzulian, eta orain zailtasunak izan ditzake bere proposamenak onartu ahal izateko, hala nola pentsioen erreforma.

Ofizialki kanpaina egin ezin duen arren, azken egunetan Macronek ugaritu egin ditu ekitaldi publikoak, eta babes zabala lortzea garrantzitsutzat jo izan du. Emaitzak ezagutu ondoren, Macron presidenteak "apaltasunerako" deia egin du.

Ipar Euskal Herrian, presidentearen aldeko hautagaiak izan dira bozkatuenak hiru barrutietan, eta Melenchonenak izango dituzte aurkari bigarren itzulian.

Ezkerrak, gora

Boto proiekzioak ezagutu eta gero, Melenchon pozik agertu da, eta Macronen blokea "galtzaile" dela aldarrikatu du. Izan ere, gogorarazi du lehen aldia dela hautatu berri izan den presidente batek ondorengo legegintzarako hauteskundeetan gehiengoa lortzen ez duena.

Oro har, zerrenda aurkeztu duen 577 barrutietako 500tan pasatu da koalizio ezkertiarra bigarren itzulira. Hori dela eta, amets egin dezake garaipenarekin igandean. Horretarako, baina, hainbat kolore politikotako boto-emaileak erakarri beharko ditu, edo, bestela, bozkatzera joan nahi ez dutenak, horiek izan baitira gehiengoa igande honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea bideoak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Hauteskundeak