Mundua -
JUSTIZIA
10 urteko kartzela zigorra ezarri diote Jeanine Añez Boliviako presidente ohiari
Luis Arceren gobernua gustura agertu da Añez 'Golpe II' kasuagatik zigortu dutelako. 2019an Boliviako presidentzia bere gain hartu zuen Añezek, Evo Moralesek Estatu Kolpea salatu eta kargua utzi eta gero. Latinoamerikako 22 presidente ohik "esku-hartzeko" eskatu diote NBEri, AEEri eta EBri.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jeanine Añez Boliviako presidente ohiari 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote 2019an bere burua presidente izendatzeagatik. Zehazki, azaroaren 10ean, Evo Moralesek kargua utzi eta azaroaren 12an Añezek presidentzia hartzeko gertatu zenagatik zigortu dute. Ofizialismoak beti esan izan du gertatua "Estatu kolpea" izan zela.
Golpe II izenez ezagutzen den prozesu judizialaren epaia birtualki eman du ezagutzera La Pazeko Epaibiderako Lehen Auzitegiak. Betebeharrak ez betetzeagatik eta Konstituzioaren aurkako erabakiak hartzeagatik zigortu dutela Añez dio testuak. Epaia, osorik, ekainaren 15ean emango dute ezagutzera.
Luis Arceren gobernua pozik agertu da epaia jakitean, "aurrekari historikoa" ezarri delako, "inoiz, inolaz ere, pertsona batek bere burua herrialdeko presidente izenda ez dezan". Justizia Ministerioak zabaldu duen oharraren arabera, "demokrazia berreskuratzeko prozesuan, pauso garrantzitsua eman da" eta prozesuaren "irizpideak, bermeak eta independentzia" goraipatu ditu.
"Golpe II auziko epaia aurrekari historikoa da, ordena konstituzionala hautsi eta estatu-kolpe bat berriro gerta ez dadin. Historiararako garbi geratzen da bide demokratikoa eta konstituzionala dela boterera iristeko bide bakarra", dio oharrak.
Jeanine Añez 2021eko martxoaren 13an atxilotu zuten 'Estatu kolpea' auziaren baitan. Oraindik ere hainbat auzi ditu irekita, 2019ko krisian izandako hilketen ingurukoak, adibidez.
Nazio Batuek epai osoa publiko egin ostean baloratuko dute
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoaren Boliviako Misioak (OACNUDH) "Jeanine Añezen eta beste 8 inputaturen aurkako prozesu judizialari buruzko nazioarteko behaketa" egiten ari dela jakinarazi du. Erakundeak gogorarazi duenez, nazioarteko behaketa hori Boliviako Justizia Ministerioak eskatu zion eta "bai aldeek baita organo judizialak ere onartu egin zuten".
Euren ebazpena "epaia osorik eman eta irakurri ondoren" egingo dutela publiko esan dute. Printzipioz, ekainaren 15ean.
Aznarrek eta Latinoamerikako 22 presidente ohik Añezi ezarritako zigorra kritikatu dute
Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarrek eta Latinoamerikako 22 presidente ohik, Carlos Mesa Boliviako oposizioko buruzagiak barne, Añezen kontra "asmatutako akusazio batengatik" ezarritako 10 urteko kartzela zigorra kritikatu dute. "Existitu ez zen gertaera bati buruz asmatutako salaketa da. Presidente ohia legez kanpo atxilotuta dago. Atxilotuta zegoela, gutxieneko oinarririk ez duen prozesu hori ireki zitzaion", argudiatu dute presidente ohiek Espainiako eta Ameriketako Ekimen Demokratikoa (IDEA) izenekoak kaleratutako adierazpen batean.
Presidente ohiek Nazio Batuen Erakundeari, Amerikako Estatuen Erakundeari (AEE) eta EBri eskatu diete "modu arbitrarioan, gehiegikeriaz, legez kanpo eta Konstituzioaren aurka emandako Añezen kontrako epaia errefusatzeko".