Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Kapitolioaren aurkako erasoa ikertzen ari den batzordeak adierazi du Trumpen estatu kolpe saiakera izan zela
Ikerketa batzordeko buruak ondorioztatu du Donald Trump presidente ohia egon zela iazko urtarrilaren 6ko "konspirazio" horren "erdigunean". 11 hilabetez 1.000 lagun elkarrizketatu eta 125.000 dokumentu aztertu ostean, lehenengo audientzia publikoa egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioaren aurkako erasoa ikertzen ari den batzordeak ondorioztatu du Donald Trump orduko presidentearen estatu kolpe saiakera izan zela, agintean jarrai zezan.
Ikerketa batzordearen lehen audientzia publikoa egin dute ostegun honetan Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan, eta batzordeko buruak Donald Trump egin du 2021eko urtarrilaren 6an gertatukoaren erantzule. Are gehiago, "konspirazio" horren "erdigunean" egon zela ebatzi du.
Ikertzaileek adierazi dutenez, litekeena da Proud Boys taldeak erasoa aurretik planifikatu izana. Hori dela eta, uste dute oldarraldia zergatik gertatu zen argitzeko gakoetako bat izan daitekeela.
11 hilabetez 1.000 lagun elkarrizketatu eta 125.000 dokumentu aztertu ostean, horiek izan dira ondorio nagusiak.
Lehen saio publikoan, William Barr orduko fiskal nagusiari eta Ivanka Trumpi egindako elkarrizketen zatiak erakutsi dituzte. Donald Trumpen alabak zioen ez zuela hauteskunde iruzurrari buruzko bere aitaren teoria babesten.
Lehen audientzia publikoa audientzia gehieneko orduan eskaini dute Ameriketako Estatu Batuetako telebista kate guztietan, Fox hedabide kontserbadorean izan ezik.
AEBko Kapitolioaren aurkako erasoan bost pertsona hil ziren.