Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainako zereala merkaturatzeko plan bat bultzatu nahi dute Turkiak eta Errusiak
Gerra dela eta, milioika zereal tona blokeatuta daude portu ukrainarretan, eta Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan labore falta pairatzen ari dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Turkiak nazioarteko plan proposatu du, gerraren ondorioz blokeatuta dauden Ukrainako nahiz Errusiako zerealen esportazioa ahalbidetzeko.
Serguei Lavrov eta Mevlut Çavusoglu Atzerri ministro errusiarra eta turkiarra, hurrenez hurren, Ukrainako portuetan blokeatuta dauden milioika zereal tona merkaturatzea posible izango litzatekeela adierazi dute, baldin eta Errusiari bere elikagaiak esportatzeko erraztasunak ematen bazaizkio eta nazioarteak ezarri dizkion zigorrak arintzen badira.
Bi ministroak Ankaran bildu dira eta ondoren agerraldi bateratua egin dute gerrak eragin duen elikagaien krisiari erantzuteko balizko neurriak iragartzeko.
Edonola ere, plan hori Nazio Batuen Erakundeak, Moskuk, Kievek eta Ankarak adostu beharko luketela zehaztu dute.
Horrez gain, Turkiak eta Errusiak ezinbestekotzat jo du zerealak garraiatuko dituzten itsasontzien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea; izan ere, Ukrainako Armadak minaz josi du Itsaso Beltzeko portuetako inguruak, ontzi errusiarrak sartzea ekiditeko.
Mina horiek kentzeko baldintza ere jarri du Ukrainak: Errusiak eraso egingo ez diela ziurtatzeko bermeak nahi ditu.
"Putin presidenteak esan zuen moduan, Ukrainak minak kentzen baditu eta bere portuetatik itsasontziak ateratzea ahalbidetzen badu, guk ez dugu egoera hori baliatuko operazio militarrik egiteko", berretsi du Lavrovek.