Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Joe Bidenek eraso errifleak eta gaitasun handiko kargagailuak debekatzeko eskatu dio Kongresuari
Eraso errifleak debekatzen ez badituzte, gutxienez, erosteko adina 18tik 21era igotzea eskatu du. Presidente estatubatuarrak hitzaldia eskaini eta gutxira, gizon batek bi emakume hil ditu Iowan, eliza baten atarian izandako tiroketan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eraso errifleak eta gaitasun handiko kargagailuak debekatzeko eta armen inguruko kontrol neurriak zorrozteko eskatu dio Kongresuari. Eraso errifleak debekatzen ez badira, gutxienez, erosteko adina 18tik 21era igotzea eskatu du.
Bidenek, gainera, herrialdean armak kontrolatzeko neurri zehatzak eskatu dizkie legegileei, Uvalden, Buffalon eta Tulsan (Oklahoma) azken egunotan izandako tiroketen ondoren. Iragan astetik, bederatzi senatari errepublikano eta demokrata hizketan ari dira suzko armak kontrolatzeko neurriak adosteko.
Audientzia gehieneko orduan Etxe Zuritik eskaini duen 20 minutu inguruko hitzaldian esan du urtea hasi zenetik 233 tiroketa masibo izan direla eta nahikoa dela. "Zenbat gehiago onartzeko prest gaude? Zenbat amerikar errugabe gehiagok hil behar dute nahikoa dela esan baino lehen?", azpimarratu du.
Etxe Zuriko maizterrak ohartarazi duenez, Kongresuak neurriak hartzen ez baditu "Herritarrek gogoan hartu eta politikari horiek euren postuetatik botatzeko bozkatuko dute".
"Kontua ez da inori eskubideak kentzea, haurrak, familiak eta komunitate osoak babestea baizik. Gure askatasuna babestea da helburua, eskolara, denda batera, elizara joateko", adierazi du.
Dena dela, Senatuak izango du auziari buruzko azken hitza eta, ondorioz, demokratek hamar errepublikanoren babesa lortu beharko dute armen inguruko legedia aldatzeko.
Gizon batek bi emakume hil ditu Iowan, eliza baten atarian izandako tiroketan
Presidente estatubatuarrak hitzaldia egin eta ordu gutxira, gizon batek bi emakume hil ditu Iowan, Ames udalerriko elizaren atarian izandako tiroketan. Ondoren, bere buruaz beste egin du.