Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Gizon batek lau pertsona hil ditu Oklahomako ospitale batean izandako tiroketan

Ustezko erasotzaileak, 35 eta 40 urte bitarteko gizonak, bere buruaz beste egin du, eta zenbait pertsona zauritu dira. Tulsako Poliziaren arabera, erasotzaileak biktimetako bat erail nahi zuen, duela gutxi ebakuntza egin zion medikua, horren ostean jasaten ari zen minagatik.

Tiroketa gertatu den Tulsako (Oklahoma) ospitalea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Tiroketa gertatu den Tulsako (Oklahoma) ospitalea
Gutxienez lau hildako eta hainbat zauritu Tulsako (Oklahoma) ospitale batean izandako tiroketan

0:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 eta 40 urte bitarteko gizon batek gutxienez lau pertsona hil zituen asteazkenean Tulsa udalerriko ospitale batean izandako tiroketan, Oklahoman, Ameriketako Estatu Batuetan. Ustezko erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen jarraian eta, gainera, hainbat pertsona zauritu zituen.

Tulsako Poliziak ostegun honetan iragarritakoaren arabera, erasotzaileak biktimetako bat erailtzeko asmoa zuen, duela gutxi ebakuntza egin zion mediku bat, horren ostean jasaten ari zen bizkarreko minagatik.

Wendell Franklin Tulsako Polizia Departamentuko buruak ustezko hiltzailea, Michael Louis, eta bere biktimak identifikatu ditu prentsaurreko batean; bi mediku, tartean ebakuntza egin zion Preston Phillips, klinikako harreragile bat eta paziente bat.

Franklinek azaldu duenez, bere buruaz beste egin ondoren, soinean eskutitz bat zeramala ikusi zuten agenteek, eta bertan "argi uzten zuen Phillips doktorea eta bidean gurutzatzen zitzaion edonor hiltzeko asmoz etorri zela".

Maiatzaren 24an baja jaso ondoren, Louisek behin baino gehiagotan deitu izan zion medikuari minaz kexatzeko, eta horretarako tratamenduren bat emateko eskatu zion.

Era berean, Franklinek gaineratu du Louisen emazteak poliziari deitu ziola erasotik ordu eta erdira, esanez "bere senarrak zenbait pertsona hil zituela Phillips doktorearen kontsultan".

Tulsako Poliziak hedabideei azaldutakoaren arabera, tiroketa ospitaleko bigarren solairuan gertatu zen. Antza denez, gizona 16:40ak aldera iritsi zen ospitalera errifle eta pistola batekin.

Suzko armen inguruko eztabaida berpiztu da azkenaldian AEBn. Izan ere, maiatzaren 24an 18 urteko gizon batek 21 pertsona hil zituen Uvaldeko lehen hezkuntzako ikastetxe batean, tartean, 19 haur eta bi irakasle.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Erailketak albisteak