Mundua -
Polonia
Pablo Gonzalez beste hiru hilabetez espetxean mantentzeko erabakiaren aurka helegitea jarri du defentsak
Bartosz Rogala abokatuak azaldu duenez, Apelazio Auzitegiak bi edo hiru aste barru deitu dezake kazetari euskal herritarra aske uztea eskatzen duen errekurtsoa aztertzeko saioa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pablo Gonzalez kazetaria Polonian beste hiru hilabetez behin-behineko espetxealdian mantentzeko erabakiaren aurka helegitea aurkeztu duela jakinarazi du haren defentsak.
"Orain, errekurtsoa aztertzeko saioa noiz egingo den zehaztu beharko du Apelazio Auzitegiak", adierazi du Bartosz Rogala abokatuak, eta zehaztu du bi edo hiru aste barru izan daitekeela.
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Polonia eta Ukraina arteko mugan, Errusiaren inbasioak eragindako migrazio-krisiari buruz informatzeko lanean ari zenean.
Poliziak Errusiarentzat zelatatzen aritu izana egotzi zion eta epaileak hiru hilabetez kartzelatzeko agindua eman zuen.
Maiatzaren 29an utzi behar zuten libre, baina, egun gutxi batzuk lehenago, auzitegiak behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea agindu zuen, fiskaltzak hala eskatuta.
Poloniako legediaren arabera, espioitza delituengatik 10 urteko kartzela-zigorrak ezar daitezke.
Bien bitartean, Gonzalezek inkomunikatuta jarraitzen du eta ezin du bere familiarekin hitz egin, ezta bere konfiantzako abokatuarekin ere.
Hala ere, gutunak bidaltzeko aukera badu eta bere emazte Oihana Goirienak atzo jakinarazi zuenez, aste honetan jaso dute espetxetik igorri dien lehen eskutitza.