Mundua -
ERREFERENDUMA
Europar Batasunaren defentsa-politikan sartzea erabaki du Danimarkak
Hala adierazi dute erreferendumean parte hartu duten herritarren % 66k. Danimarkak 30 urte zeramatzan EBren defentsa-politikatik kanpo.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Danimarkak Europar Batasunaren defentsa-politikan sartzea erabaki du asteazken honetan egindako erreferendum historikoan. Europar Batasuneko estatu-kidea izan arren, defentsari lotutako gaietan ez parte hartzea erabaki zuen duela 30 urte. Alabaina, gaur, galdeketan parte hartu duten herritarren % 66,6k salbuespen horri amaiera ematea erabaki dute; %33,4k, berriz, kontra bozkatu dute.
Errusiak Ukraina inbaditu ostean, joan den martxoan deitu zuen erreferenduma Danimarkako Gobernuak, beste lau alderdiren babesarekin.
Danimarka 1972tik da Europar Batasuneko kidea, eta 1993an egindako erreferendumean, Maastrichteko Ituna onartu zuten, baina hainbat salbuespenekin: bere moneta propioari eustea eta Europar Batasuneko defentsa eta segurtasun politiketan ez parte hartzea erabaki zuten.
Gauzak horrela, Danimarkak ez du eskumenik Europar Batasunaren operazio militarretan parte hartzeko, ezta eremu horretan ematen diren eztabaida eta negoziazioetan egoteko ere. Halaber, Europako Defentsa Agentziatik kanpo dago.
Alabaina, NATOko kidea den heinean, Danimarkak Europar Batasunaren misio militarretan parte hartu du, Aliantzaren edo Nazio Batuen Erakundearen ikurrarekin izan bada ere.