Mundua -
HAUTESKUNDEAK KOLONBIAN
Rodolfo Hernandez, enpresari aberatsa eta Kolonbiako "Donald Trump" bezala ezaguna den presidentegaia
Hautagai populistak 77 urte ditu, eta Kolonbiako hurrengo presidentea izan daiteke. Ingeniaria formazioz, ustelkeriaren aurkako borrokan oinarritu du bere diskurtsoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Rodolfo Hernandezek 77 urte ditu eta ingeniaria da ikasketaz. Santander eskualdeko enpresaburu arrakastatsua ez ezik, Bucaramangako alkate ohia ere bada. Batzuek Kolonbiako "Donald Trump" deitzen diote eta beste batzuek TikTokeko "agure zaharra" ere esaten diote.
Hernandez 1945ean jaio zen Piedecuesta udalerrian (Santander), langile klaseko familia batean. 1990eko hamarkadan egin zen aberats, interes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko negozioari esker.
Bucaramangan hasi zuen bere ibilbide politikoa, Santander departamenduko hiriburuan, eta bertako alkate izan zen 2016 eta 2019 artean, harik eta oposizioko zinegotzi bati egindako eraso baten ondotik kargutik kendu zuten arte. Kanpaina hartan, "ingeniari" hitza bere izenari lotu nahi izan zion, hain zuzen ere, diruduna zenez, bere poltsikoak betetzeko diru publikoa lapurtzeko beharrik ez zuela azpimarratu nahian. Horrek funtzionatu egin zion, eta hauteskunde presidentzialetako kanpainan bigarren itzulira igarotzeko balio izan dio.
"Outsider" edo kanpoko begirale moduan aurkeztu du bere burua. Ustelkeriaren Kontrako Agintarien Ligako hautagai populistak ez du bere burua politikoki definitu nahi izan, baina bere proposamenak nabarmen populistak dira. Ustelkeriaren aurkako borrokan oinarritu du bere diskurtsoa, nahiz eta proposamen zehatzik egin ez duen. Eta zehaztasuna falta arren, ustelkeriaren aurkako diskurtsoak barruraino sartu da herritarren artean. Era berean, politikari tradizionalekin hautsi nahi du, herriak pairatzen dituen gaitz guztien erantzule direla iritzita.
Gainerako hautagaiek ez bezala, Rodolfo Hernandezek nahiago izan du jarraitzaileekin bilera txikiak egin mitin handi eta jendetsuak baino. Presidente izatera iristen bada, Hernandezek ez du alderdi bat izango Kongresuan, eta horrek gobernatzeko zailtasunak ekar diezazkioke.
Politikari bihurtutako enpresaria pertsonaia polemikoa da, inondik inora. Argi eta garbi hitz egiten du, filtrorik gabe eta horrek arazoak sortu izan dizkio behin baino gehiagotan. Duela gutxi, esaterako, Adolf Hitler miresten zuela esan zuen.